ELA eta LABek Lanbideko Orientazio Zerbitzuan deitutako 5 greba egunek jarraipen zabala izan dutela azpimarratu dute
ELA eta LABen agiria:
2011ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzak enplegu-politika aktiboak eskuratu eta Lanbide euskal enplegu zerbitzua sortu zenetik, erakunde honen kudeaketa negargarria izan da, iñolako planifikazio eta aurrikuspenik gabekoa; bost urte igaro direlarik, zerbitzuko langileok eta herritarrok administrazioak hartutako erabaki oker eta kaltegarrien ondorioak pairatzen jarraitzen dugu.
Zerbitzua taxuz ematea oso zaila da, hainbat arrazoirengatik: Esleitu zaizkion zerbitzu guztiak behar bezala eskaintzeko hornituta ez egotea, antolakuntza-irizpide argien gabezia -areago plantilla ia erdia lekuz aldatu dutenean-, langile kopuru urria eta hauen ezegonkortasuna… herritarrentzako arreta soilik beharginen inplikazioa eta lana medio ateratzen da aurrera. Gainera, gobernu honek zerbitzuak esternalizatzeko joera kezkagarria erakutsi du.
Jadanik nahiko kezkagarria den egoera honi, ia 200 orientatzaileren kaleratze eta ordezkapena gehitzeko arriskua dago une honetan. Lanbideren ia 6 urteko ibilbidean lan-orientazioa egin izan duen kolektibo ia osoa suposatuko luke, eta erabaki honek berez aski larri zebilen enplegu-zerbitzua hankaz gora jar dezake.
Hilabeteak daramatzagu Jaurlaritzarekin biltzen eta irtenbide posibleak proposatzen, Gobernuaren aldetik proposamen zehatz bakar bat ere jaso ez dugularik.
Orientatzaileen aldetik ia erabateko jarraipena izan zuten bi greba egun ondoren (irailak 21 eta 22), pasa den astean izandako bileran (Irailak 27), blokeo jarrera garbia erakutsi zuen Jaurlaritzak.
Lau sindikatuok ahobatasunez aurkeztutako proposamen bideragarri bat atzera botatzen saiatu ondoren, onartezina den proposamen bat aurkeztu zuen, Mahai Orokorreko Akordioaren aldaketa ekarriko lukeena. Proposamen horrek, Osakidetza, Irakaskuntza edo justicia administrazioa bezalako beste eremu batzuetako langileei eragingo lioke, eta proposatutako aldaketak bide bat irekiko liote administrazioari erabaki diskrezioanlak hartzeko lekualdatze lehiaketetan.
Gainera, gatazkari irtenbide bat bilatzeko asmotan uztailean osatutako lan taldeko bilerak bukatutzat ematea erabaki zuela jakinarazi zigun.
Erabat onartezina da langileen ordezkariekin izandako bilerak bukatzeko erabakia hartu izana alde bakarrez, Jaurlaritzak langile hauekiko eta zerbitzu honekiko iñolako ardurarik izando ez balu bezala. Guzti honengatik, Irailak 28ko asanbladetan langileek emandako babesarekin, jadanik deituta genituen 3 greba egunekin aurrera jarraitu dugu (urriak 3, 4 eta 5erako). Greba egun hauek orientatzaileen %60 a baino gehiagoren babesa izan dute. Aldi berean, Mahai negoziatzailearen irekiera exijitu dugu eta beharrezkoa bada mobilizazioekin jarraituko dugu.