HAUTESKUNDE SINDIKALAK
ELA gailendu da Tubacexen

Otsailaren 23an hauteskunde sindikalak egin dira enpresak Laudion eta Amurrion dituen lantokietan eta ELA izan da garaile, azken urteetan egindako lan sindikalaren isla. Gogoratu beharrekoa da 2021ean, zuzendaritzak EREa aurkeztu ondoren, ELAk bultzatu zuela greba mugagabea eta 8 hilabetez kolokan jarri zuela Tubacex, dena bere alde izan zuen konpainia bat.
Zentzu horretan, ELAko atal sindikalaren lana eta konpromisoa erabatekoa izan zen. Horri gehitu behar zaio EAEko Auzitegi Nagusian irabazitako epaia, non ELAren zerbitzu juridiko eta peritatze lana funtsezkoak izan ziren.
Greban zeuden langile guztien konpromisoari esker, kaleratzeak saihestea eta enpresak EREa kentzea lortu zen eta Madrideko Auzitegi Gorenari jarritako errekurtsoa atzera botatzea lortu zen.
ELAk Tubacexen duen atal sindikalak eskerrak eman dizkie Laudioko eta Amurrioko zentroetako langileei hauteskunde sindikaletan emandako babesagatik. Hauteskundeak irabazi izanak are gehiago berresten du ELAren ustea; konfrontazioa eta mobilizazioa direla Tubacexen lanpostu eta lan baldintzak defendatzeko biderik egokiena.