ELA guztiz indarberriturik atera da bere hiru federazioen kongresuak egin ondoren

ELA guztiz indarberriturik atera da bere hiru federazioen kongresuak egin ondoren
Gizalan, Zerbitzuak eta Industriaren zuzendaritza berriek %89 eta %95 arteko babesa jaso dute, euren ildo politikoa eta sindikala sendotuz. Hiru federazioetan lortutako emaitza bikainek ELAren ildo politikoa berretsi eta militanteak indarberritu ditu.

ELA guztiz indarberriturik atera da Iruñean, Gasteizen eta Donostian egindako hiru federazioen kongresuetatik, %89 eta %95 arteko babesa jaso dutelako hautaturiko hiru zuzendaritza berriek. Guztira, 778 ordezkarik parte hartu dute hiru kongresuetan, eta pasa den ekainean ELAk abian jarri zuen 'Indarberritzen' ildoa berretsi egin dute dagozkien federazioetan.

  • Industria eta Eraikuntzaren II. Kongresuan 357 delegatuk parte hartu zuten abenduaren 19an Donostiko Kursaalean, 'Langile indarra, aurrera. A recuperar lo nuestro!' lelopean. Federazio honen zuzendaritza berriak %94,96ko babesa jaso zuen. Unai Martinezek jarraituko du idazkari nagusia izaten. “Patronalak ez die uko egingo legez dituen abantailei, guk kendu behar dizkiegu -azpimarratu zuen Martinezek-. Antolakuntzaz baliaturik, hasi gara enpresak lan-erreformaren aurka blindatzen. Hasieran bakan batzuk, gero hamarka, geroago ehunka, enpresa handi eta txikiak”.
  • Gizalan zerbitzu publikoetako ELAren federazioak Gasteizko Europa Jauregian egin zuen bere kongresua abenduaren 14an, 'GuztiONA indarberritzen' lelopean. Guztira, 231 ordezkarik parte hartu zuten, eta %92,66ko babesa eman zion zuzendaritza berriari, Igor Eizagirre idazkari nagusiari barne. Eizagirrek ELAren helburuak zehaztu zituen: "Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketen aurkako borroka, edota zerbitzu publikoak defendatzea, administrazioak garatzen ari diren pribatizazio politiken aurka".
  • Zerbitzuak izeneko federazioak abenduaren 12an, Iruñeko Planetarioan egin zuen bere 8. kongresua, 'OUT inor ez, INdarberritzen. Por un empleo de primera!' lelopean. Bertan, 190 ordezkarik babes handia (%89,33) eman zioten zuzendaritza berriari, eta Mari Kruz Elkoro idazkari nagusiak datozen lau urtetako ildo estrategikoak marraztu zituen: azpikontratazioa eta outsourcing-aren aurkako borroka indartu behar da, eta genero ikuspegia modu berezian landu behar da, baldintza prekarioenak pairatzen dituzten langileak emakumeak direlako.

ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek hiru kongresuetan parte hartu du, eta sindikatuaren kemena eta kohesioa azpimarratu du, garai latz hauetan ezinbestekoa aurrera egiteko. Gainera, Muñozek kargu hartu die politikariei, ELArekiko agertzen duten intolerantziagatik. Hain zuzen, gogoratu du birritan eskatu diola bilera Urkullu lehendakariari, baina honek ez dituela Euskal Herriko sindikatu nagusiaren ordezkariak hartu. "Era bakarreko harremana nahi dute, klientelarra, eta ELAk ez du halakorik onartuko". Ezkerreko alderdiei eskatu die oposizio lana egin dezatela, eta ez ditzatela gai sozialak bigarren maila batean utzi.