ELA irakasleen mahai negoziatzailetik altxatu da Hezkuntza sailak milaka langile kaleratze arriskuan jartzea erabaki duelako

2022/07/20
Jaurlaritzak aurkeztutako proposameneko lanpostu kopuru eta prozedurak ez ditu behin-behineko 13.000 irakasleren kontsolidazioa bermatzen

Gaur, uztailaren 20an, EAEko irakasleen negoziazio mahaia bildu da Lakuan, eta bertan aurkeztutako edukiekin desados, ELA mahaitik altxatzea erabaki du. Aurretik, Lakuaren atarian, elkarreratzea egin du sindikatuak behin-behineko irakasleen kontsolidazioa eta negoziazio erreala eskatzeko; ondoren mahaian gertatu ez dena.

Gogora dezagun uztailak 6ko mahaian aurkeztu zuela Hezkuntza Sailak lehenengo aldiz salbuespenezko meritu lehiaketaren inguruko oinarri proposamena. Meritu lehiaketara 3.178 lanpostu soilik bideratuko dira, Madriletik ezarritako parametrotan aplikatuko da, koma bat bera ere aldatu gabe eta ez du lege iruzurrean eta bidegabean behin behineko gisa lanean aritu diren langileen kontsolidazioa bermatuko.

Errealitateari oso urrun kokatutako proposamena da. Izan ere, egun 13.000 behin-behineko irakaslek dihardute sistematikoki ikasturtez ikasturte lanean hezkuntza publikoan. Beraz, bermatzailea izateko bi baldintza bete beharko lituzke proposamenak: gutxienez 10.000 lanpostuko deialdia izatea eta eskola publikoetan dagokion kideagoan lan egindako denborak askoz ere pisu handiagoa izatea.

ELAk zentzu horretan doazen ekarpenak egin dizkio Hezkuntza Sailaren proposamenari. Hezkuntza Sailak ordea, lanpostu kopurua eta meritu lehiketan baloratu beharreko irizpideak inposatu ditu gaurko mahaian. Halako dinamika ikusita hartu du mahaitik altxatzeko erabakia.

ELAk uste du planto egiteko unea iritsi dela. Mobilizazio dinamika indartsu bati ekiteko bidea sustatzen jarraituko du eskolaz eskola.