ELA, LAB eta STEILASek abenduaren 14ko greba eta mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu diete hezkuntzako langileei

2022/12/12
Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna berretsi dute sindikatuek gaur, EAEko Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean, eta abenduaren 14rako deitutako greba eta mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu diete hezkuntzako langileei. Hezkuntzako profesionalen eskaerak aurreproiektuan eta legean jasoak izateko lanean daude sindikatuak asteotan eta Legebiltzarrak aldarrikapenei entzungor egiten badiete mobilizazioek jarraituko dutela esan dute.

EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu egiten duela eta gainditze bidean jartzen ez duela uste dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute, balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.

Hurrengoak dira sindikatuek adostutako aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.
3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, ordura arteko mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta hurrengoak definituko dituzte ELA, LAB eta STEILASek.

Hezkuntzako langileen haserrea

Azaroak 30ean sindikatuek deitutako greba eta mobilizazio egunak oso jarraipen zabala izan zuen. Bertan argi geratu zen Hezkuntzako langileen desadostasuna Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko.

Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da. Eta sindikatuek Hezkuntza sistemako langile guztiak datorren abenduaren 14rako deituta duten greba eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte. Balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.