ELA poztu egin da Donapea etorkizunean ere ikastetxe publiko izango delako

2013/10/24
Sindikatuak gogoratzen du proiektuarekin interes pribatu eta elitistei mesede egingo zitzaiela, baliabide publikoen kaltetan. Proiektuak agerian uzten du Barcinaren Gobernuak zein lehentasun dituen eta bere politika zeinen aldekoa den. Bestalde, sindikatuak gizartearen erantzun erabakigarria goraipatu du.

 

Opus Deiren Nafarroako Unibertsitateak (UN) iragarri du alde batera utzi duela Donapea Institutuko instalazioak bereganatzeko plana; ELAk hau albiste pozgarria dela uste du, eta hiru ondorio atera daitezke gertatu denetik:

Lehenik, proiektu honetan interes publikoa unibertsitate pribatu baten interesen menpe jartzen zen; ikastetxe pribatu honek diktadura garaian oinarria duten hainbat pribilegio bazeukan lehenago ere. Elite baten interes pribatuen aldeko politika honen jarraipena astakeria bat da, eta gizarte nafarrean haserre orokorra piztu du, izan ere, bere ondorioz lur eta azpiegitura publikoak utzi eta kutxa foralentzat kostua sortzen baitzen.

 

Bigarrenik, UPNren Gobernuak zerbitzu publikoei eta prestazio sozialei dagokienez daraman murrizte politika kontutan izanik, asmoa berez lotsagabekeria bat zen, eta nabarmen uzten du zein sektoreren alde jokatzen duen Barcinak, baita zeintzuk diren bere politikaren lehentasun okerrak, kasu honetan OPUS DEIren mesedetara aritzea. Era berean, agerian geratu da PSNk izan duen jarrera aldakorra eta kontraesankorra. Oroitu beharra dago alderdi honek parte hartu egin zuela DONAPEA saltzeko akordioan eta aldatu badu bere jarrera presio sozialari esker izan dela.

Azkenik, ELAk zoriondu egin nahi ditu haserrea mobilizazio bihurtu duten herritar eta erakunde guztiak, hankasartzea geldiaraztea posible egin baitute. Hau gizarte zibilaren eta interes orokorraren alde gaudenon garaipena izan da.