ELA sindikatuak salatu nahi du sekulako anabasa izaten ari dela ikasturte hasierako prozesu eta esleipenetan

2021/09/17
Ikasturte hasierako ebazpenetan akats ugari daudela salatu du ELAk. Esaterako, Hizkuntza Eskoletako ebazpenean, irakasleon asteko lanaldian, ez dago ezarrita zenbatekoa den lanaldi herena. Datu hori gabe, ezin da kalkulatu zenbateko diren bestelako lanaldia murriztuak. Bestetik, irakasleen asteko lanaldia ezartzerakoan aldaketak egon dira, aldebakarrez, aurreko ikasturteekiko: irakastordu kopurua handitu da bi hereneko lanaldian (15etik 17ra) eta lanaldi erdian (12tik 13ra). Gainera, osasun arazo larriak dituzten irakasleek murriztu dezaketen irakastorduetan ere akatsa zegoen (6 jartzen zuen eta 8 dira). Azken hori zuzendu da, baina berandu, ikasturtea hasita.

Anabas horren guztiak eragin zuzena izan du ikastetxeetan, irakasleen ordutegiak ezartzea inoiz baino korapilatsuago izan baita, eta zentro askotan oraindik ere DAEak     itxi gabe daude.

  1. Ikasturte hasierako esleipenetan, ez dira esleitu irten behar ziren plaza guztiak, uda baino arinago ikastetxeetatik hezkuntza ordezkaritzara zehaztuta egon arren.
  2. Langileen kudeaketarako plataforma digitalak (EIZU) huts egitearen ondorioz, langileok behar ditugun lizentzia, baimen edota bestelako gestioak ezin izan ditugu egin (amatasun murrizketak, familien zaintzak, eta abar luze bat) oinarrizko eskubideak urratuz.
  3. Hezkuntza departamentuaren baliabide faltagatik, ordezkaritzarekin harremanetan jartzeko ezintasuna eman da, ez dute ez telefonoa ez emaila erantzuten;     horren ondorioz, hezkuntzako langileria babesgabetuta geratu gara. Gainera, oso zaila suertatzen ari da Zuzenean zerbitzuan ere hitzordua hartzea.
  4. Langile     askori gizarte segurantzan, eta kasu batzuetan ikastetxean bertan ere, atzerapen handiarekin eman zaie altan, kasu batzuetan bi     astetako atzerapenera ere iritsiz. Horren ondorioz, irakasle askok babes falta dute, bestelako tramiteak kudeatzeko oztopoak izaten ari dira, ikastetxean gertatutako istripuak ezin dituzte lan istripu     bezala kudeatu, etab.
  5. Ordezkagunean akats pila bat izan dira: existitzen ez diren edota     oker perfilatutako plazak esleitu dira, horrek dakartzan ondorioekin ordezkoarentzat (zentrora alferrikako joan-etorria, eragina     soldatan, puntuazioan…); Ordezkagune plataforma erori da esleipenak egiteko ordutegian, eta gainera Delegaritzek errua plataforman sartu nahi zuten ordezko kopuru altuari bota diote eta     ordezko horiei gaueko ordu txikitan jakinarazi zaie hurrengo eguneko lanpostua, horrek dakarren kontziliazio arazo guztiekin.
  6. Balizko     justifikazioarik gabe plaza egituratuenak ordezkagunean atera dira kurtso hasierako esleipenetan atera beharrean (COVID plazak, besteak beste), beraz, puntu gehiago dituzten ordezko askok lanpostu     kaxkarragoak hartu behar izan dituzte.

Horren ondorioz, hezkuntza publikoko komunitate osoan (langileak, familiak eta ikasleak) ezinegona, lanpostuan ziurgabetasuna, babes-eza, zigor sentsazioa eta balorazio falta sortu izan da; hori guztia, hezkuntza kalitatea eta bere profesionalak zaintzen dituela aldarrikatzen duen kontseilaritza eta departamentu batek eraginda. Ikasle asko oraindik ere irakasle gabe daude!

Jokin Bildarratz Sailburuak karguan bigarren ikasturtea hasi duen honetan, propaganda asko eta sakoneko aldaketa gutxi ari gara ikusten. Baliabide eskasia, inprobisazioz abian jarritako aldebakarreko aldaketa eta erabakiak eta inbertsio gabeziaren ondorioak agerian daude.