ELA Unibertsitateko "3+2 Dekretua"ren aurka
ELAk Hezkuntza Sailari aurkeztutako idatzia:
Lehenengo.- 2015eko otsailaren 3ko BOEn 43/2015 Errege Dekretua, otsailaren 2koa, argitaratu zen. Horren bidez bi dekretu aldatu ziren: 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitate-irakaskuntza ofizialak antolatzekoa; eta, halaber, 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktoretzaren irakaskuntza ofizialak erregulatzekoa. Azken dekretu horrek “3+2 Dekretua” goitizena zuen, eta aurtengo urtarrilaren 30eko Ministroen Kontseiluan onetsi zen.
43/2015 Errege Dekretuaren (aurrerantzean ED) Hirugarren Azken Xedapenean ezarrita dagoenez, argitaratze-egunaren biharamunean sartu zen indarrean; beraz, otsailaren 4tik dago indarrean.
Bigarren.- Aipaturiko EDaren neurri nagusien artean honako aukera hau dago: lau urteko graduak (240 kreditu) eta urtebeteko masterrak (60 kreditu) mantentzea, edo bestela hiru urteko graduak (180 kreditu) eta bi urteko masterrak (120 kreditu).
Egitura bat ala bestea hautatzea unibertsitate bakoitzaren esku utzi da. Horretarako, unibertsitateak ikasketa-planak prestatu behar ditu, eta tokian tokiko autonomia-erkidegoan onetsi.
Hirugarren.- ELAren ustez, ED hau, bere aplikazio eremu barruan dauden unibertsitate orotan hiru urteko gradu eta bi urteko masterren inplantazio orokortu bat lortzeko lehenengo pauso bat da. Unibertsitate ikasketen estrukturazio berri honek eragiña izan dezake beraz gure euskal unibertsitate publikoan ere.
Egungo baldintzetan, unibertsitate ikasketa “integrala” gradu zein masterrez osatutakoa izanik eta masterren kostu ekonomikoa ikaragarri garestia izanik, ELAk ateratzen duen ondorioa hauxe da: hiru urteko gradu eta bi urteko masterren inplantazio orokortu batek Euskal Herriko langile klasearentzat ondorio lazgarriak izango lituzke:
1.- Unibertsitate-hezkuntza “integrala” hartzeko eskubidea de facto ukatzen zaio herritarren zati handi bati. Graduak urritzeak eta graduondoak ugaltzeak murriztu egiten du oinarrizko unibertsitate-irakaskuntza, gehienentzat eskuragarriena; eta graduondoak aldiz sustatu, askoz garestiagoak eta jende askorentzat eskuraezinak. Horrekin batera, bekak murriztu dituztenez, badirudi atzera egin dugula hainbat hamarkadatan, unibertsitate-irakaskuntza pertsona gutxi batzuentzat eta familia dirudunentzat zen garaietara, hain zuzen ere.
2.- Egungo errealitatean, tasen prezioak gorantz egiñez, beka edo diru-laguntzak aldiz behera eta masterren kostu ekonomikoa ikaragarria izanik, aurrikusgarria da hainbat unibertsitate ikasketen desagerpena. Aldi berean, eroste-ahalmen apaleneko ikasleak ere urrituko dira, eta hortik lanpostu galera zein irakasle eta ikertzaile plazen beherakada ere bai.
Laburbilduz, unibertsitate hezkuntzaren atzerakada nabaria suposatuko luke, bereziki publikoarena.
3.- Interes pribatuek, enpresa zein kapitalaren interesek kontrolatutako unibertsitate eredurantz beste pauso bat da, unibertsitate eredu orokorrean zein publikoan.
Laugarren.- Aurrez aipatutako guztiagatik, ELAk ED hau gaitzesten du eta euskal unibertsitate sistema propio baten aldeko apustua egiten du, espainiar estatuak bultzatzen duen eredu elitistatik aldendua dagoena eta kalitatezko unibertsitate hezkuntza unibertsal eta integral baten aldekoa.
Bosgarren.- EHUko errektore-taldeak ED oraingoz ez aplikatzeko erabakia jakinarazi du, 2017. urtera arte behintzat. Erabaki hori bat dator CRUEn (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) dauden gainerako errektoreen erabakiarekin; baina, behin betikoa baino, behin-behinekoa dirudi, abiarazteko unearen desegokitasunean bakarrik oinarrituriko erabakia.
Seigarren.- Horregatik guztiagatik eskatzen diogu hezkuntza sailari:
1.- Gaur eguneko egoeran hiru ikasturteko graduak eta bi ikasturteko masterrak ezartzearen aurka agertzea.
2.- Neurri egokiak har ditzala, eta eskueran dituen baliabide guztiak erabili ditzala, lehen aipatutako ondorioak izango lituzketen neurri hauek ekiditeko.
3.- Euskal hezkuntza sistema propio bat sustatzearen aldeko apustua egin dezala, kalitatezko unibertsitate mailako hezkuntza unibertsal eta integral baten aldekoa, interes pribatuen kontrolpetik aldendua eta elite gutxi batzuentzat erreserbatua egongo ez dena. Espainiar gobernuak erreforma honekin sustatu nahi duen eredutik aldendua hain zuzen ere.