ELAk 105.312 afiliatu ditu

2012/12/11
ELAk 105.312 afiliatu ditu
Sindikatuaren gardentasun politikaren adibidea izan da gaur goizean kazetarien esku uztea afiliazioaren auditoria. Datuek erakutsi dute ELAren sindikazio tasa hobetu egin dela azken lau urteotan. Izan ere, lanean diharduen soldatapeko langileen artean %10,34a ELAn afiliatuta dago. Era berean, ELAk bere autonomia finanzieroa sendotzea lortu du eta kuoten pisua %90koa da.

Afiliazioaren bilakaera eta egoera finanzieroari buruzko aurkezpenean Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoak eta Txema Laiseka eta Patxi Agirrezabala, afiliazio eta komunikazio arduradunek, parte hartu dute gaur goizean Bilbon.

ELAko idazkari nagusiak egoera larri honetan ELAko militantziak egin duen lana goraipatu du. Izan ere, krisi ekonomikoa jasaten ari garen garaian ELAren sindikazio tasa %10,34 izatera heldu da, duela lau urte baino %7,26 gehiago. Egoera honetan, nahiz eta 127.500 lanpostu galdu ELAk 4.006 (%3,66) afiliatu bakarrik galdu ditu, eta une honetan 105.312 kide ditu.

Bestalde, diru sarrerei begiratuta, daturik garrantzitsuena kuoten pisuaren bilakaera da. %85,7tik %88,9ra pasa da, hots, 3,2 puntu irabazi ditu. Bilakaera positibo honek etorkizunean baikorrak izatea eta egungo eredu sindikalean jarraitzeko indarra ematen duela, adierazi du Muñozek.

2013ko  urtarrilaren 23 eta 24an ospatuko den XIII. Kongresuan emango dira afiliazioaren eta egoera ekonomikoaren inguruko datuak.

Ikusi Adolfo Muñoz Txikiren parte-hartzea