ELAk %13rainoko soldata igoerak jasotzen dituen hitzarmena lortu du
ELAk lehen aldiz sinatu du hitzarmen kolektiboa Knorr-Bremse Pamplonan (lehen Icer Rail), eta gutxieneko %8,7ko soldata igoera lortu du 2026rako, %13rainokoa izan daitekeena hainbat talde profesionalentzat. Igoera honekin aurreko hitzarmenaren (UGTk sinatutakoa) indarraldian langileek galdu zuten erosahalmena berreskuratzen da.
Hitzarmen berriak, gainera, plus pertsonaletan %7ko igoera jasotzen du, eta hobekuntzak gaueko, txandakako, bosgarren txanda eta jaiegunetako plusetan. Era berean, errelebu kontratua eta bajen osagarria bermatzen dira, langileen babes soziala indartuz.
Aurrerapen garrantzitsuenen artean, ELAk auxiliarren taldearen desagerpena nabarmentzen du. Talde horretan lanean ari zirenek, kontratazioaren lehen hiru hilabeteetan soldata are baxuagoa jasotzen zuten.
Azken urteetan langileek pairatutako baldintza prekarioak direla eta, ELAk lan sindikal eta juridiko intentsua garatu du enpresan. 2019tik aurrera 180 greba egun baino gehiago egin dira, eta sindikatuaren zerbitzu juridikoek auzi ugari irabazi dituzte.
2022ko hauteskunde sindikaletan, ELAk batzordean gehiengo osoa lortu zuen. Babes horrek eta aurreko lan sindikalak aukera eman dute Knorr-Bremse Pamplonan lan baldintzak modu esanguratsuan zuzentzen eta hobetzen dituen hitzarmena lortzeko.
ELAk azpimarratzen du akordio honek langile guztientzako hobekuntzak bermatzen dituela, eta esker ona adierazten du jasotako babesagatik, bai gehiengo sindikala lortzeagatik, bai negoziazio prozesuan jasotako babesagatik ere.