ELAk 2015-ean hiru aparteko sari ordaintzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritzak, ondoz ondoko hirugarren urtez, aparteko sariak aurreratzeko erabakia hartu du, eta aurten, gainera, 2012ko abenduan murriztu zuenaren %25 abonatuko du apirilean. Hori dela-eta, ELA sindikatuak esan behar du Eusko Jaurlaritzak bat egin duela berriro Mariano Rajoyren gobernuarekin, orpoz orpo jarraitu baititu Estatuko gobernuaren gomendioak. Rajoyk agindu, eta Urkulluren gobernuak bete.
Azken urteotan ELAtik askotan errepikatu dugu Urkulluren gobernuak Madrildik ezarritako murrizketa guzti-guztiak bete dituela, eta horrek ondorio larriak ekarri dizkie euskal administrazio publikoko eta zerbitzu publiko guztietako langileei.
2015ean bide beretik jarraituko omen dute: Madrildik ezarritako soldata-izozketa, Madrildik esandako 2012ko aparteko sariaren %25 ordaintzea, eta birjartze-tasetan ere Madrildik esango dutena beteko dute.
ELAren ustez, erabaki horiek ezin argiagoak dira, Urkulluren gobernua bat dator, goitik behera, Rajoyren politikekin, alegia, enplegu-suntsipena, soldata-murrizketa eta zerbitzu publikoen kontrako erasoa dakartzaten politikekin; eta aitzakia segurtasun juridikorik eza da.
ELAtik galdetzen diogu geure buruari: Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez du bete behar oinarrizko lege bera? Orduan, zergatik Bizkaiko Foru Aldundiko langileei itzuli zaie aparteko sari osoa eta igo soldatak 2014an, eta euskal administrazio publikoko langileei ez?
ELAtik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari pausoak emateko, eta galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko. Horretarako, 2015. urtean hiru sari ordaintzeko eskatzen diogu, 2015eko biak eta 2012an kendu zutena, beste herri-erakunde batzuetan egin duten bezalaxe; horra hor Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoakoa.