ELAk 3.000 sinaduratik gora batu eta erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzan Hezkuntzako behin behineko langileen kontsolidazioaren alde

2022/05/30
EAEko Hezkuntza Publikoan 15.000 behin behineko langile daude, irakasle, hezitzaile, sukaldari, garbitzaile eta gainerako langile kolektiboen artean. Egonkortze prozesuetara ordea apenas 3.000 lanpostu bideratzeko asmoa adierazi du Hezkuntza Sailak. Horrela ez da inolaz ere behin behinekotasuna %8ra jaitsiko, ez da Europar epaitegiek eta Iceta legea bezala ezagututakoak emandako agindua beteko, eta milaka hezkuntzako langilek behin behineko moduan lanean jarraituko beharko dute. Hezkuntza Sailari Hezkuntzako 15.000 behin behineko langile kontsolidatzeko behar adina lanpostu egonkortze prozesuetara bideratzea galdegiten dio ELAk.

ELAk Hezkuntza Sailari egoera hau iraultzeko galdegiten dio, zehazki:

  • Hezkuntzako alorreko mahai bakoitzean negoziaketa prozesuak abian jar ditzala langileon ordezkariekin

  • Egonkortze prozesuetara atera beharreko lanpostu kopurua 12.000 lanpostu ingurura gehitu dezala

  • Hezkuntzako behin behineko langileen kontsolidazioa bermatuko duten prozesu motak negoziatu ditzala

Hau guztia aldarrikatu eta lortzeko bidea egiten jarraituko du ELA sindikatuak, horretarako beharrezko diren mobilizazio eta ekimenak landu eta bultzatuz. Horregatik, eskoletan batzarrak egiten eta mobilizazio zein grebetarako lanketan darrai sindikatuak.