ELAk Arabako lehen hitzarmena lortu du, % 32,5eko soldata-igoerekin
ELAk aurreakordioa lortu du Arabako Erresidentzien eta Etxebizitza Komunitarioen lehen hitzarmenerako, eta horrela lan baldintzak prekarizatzen zituen estatalizazioarekin amaituko da. Hobekuntzen artean, 4 urteko indarraldia (2025-2028) eta % 32,5eko soldata-igoerak daude, hau da, 2028an hilean 1.500 euroko soldata izango da. Beraz, orduko prezioa % 40,5 igoko dela.
Era berean, akordioak honako hobekuntza hauek jaso ditu: 4 urtean 100 orduko lanaldi-murrizketa eta norberaren aukerako 4 egunei eustea, eta asteburuetan atsedenaldiak ugaritzea; ordu osagarriak finkatzeko klausula; hitzarmena blindatzea (ultraaktibitatea eta inaplikazioa); azterketa psikosozialak egiteko betebeharra; berdintasun-neurriak, LGTB eta euskara. ELAk informazio-batzarra egingo du bere ordezkari eta militante guztiekin, akordioa baloratzeko bihar, ostirala (10:00etan), ELA-Gasteizeko lokaletan. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 16an sinatuko da Gasteizko LHKn.
Sektoreko langileek 6 urte baino gehiagoko borroka nekaezinaren emaitza da akordio hau. Ia 60 greba egunekin, borroka lan hobekuntzak lortzeko bidea dela erakutsi dute, eta konpromiso solidario eta sindikalaren eredu dira.
Bestalde, gogoratu behar da Arabako zahar-egoitzen arazoa kudeaketa dela, pribatizatzeko grina batekin: zaintza ez dago ereduaren erdigunean. Zaintzaren arloan, errentagarritasun ekonomikoak ezin du lehentasuna izan. ELAk ohartarazi du akordio hori aurrerapausoa dela, baina ez dela nahikoa eredua aldatzeko: patronalak dira errudunak, baina Arabako Aldundia da azken erantzulea. Bide horretan, ELAk lan-baldintzak eta egoiliarren arreta hobetuko dituen publifikazioa lortzeko borrokak bultzatzen jarraituko du.
Gatazka konpontzeko beste gakoetako bat gizartearen inplikazioa izan da. Ildo horretan, ELAk eskerrak eman dizkie 6 urte hauetan langileen borroka lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei, eta EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen inplikazioa nabarmendu du, gatazkaren konponbidea agenda politikoetan sartu dutelako.