ELAk arbuiatu egiten du Gasteizko Tuvisako gidari baten jokabidea

2014/11/07
ELAk gaitzetsi egin du Tuvisa Gasteizko udal-autobus konpainiako gidari baten jarrera, eta guztiz onartezina irizten dio: atzo “aurpegia estalita” zeraman emakume bati autobus batean sartzea galarazi egin zion, hiriburu arabarreko Udalak berak onartu duen moduan.

Gertakari hau ez da kasualitatea. Haatik, immigrante jendearen zati bat PPren aldetik jasaten ari den kriminalizazio eta estigmatizazio kanpainaren ondorio zuzena da. Izan ere, asteon Gasteizko gazte bati eraso egin diote immigranteen eskubideak defenditu dituelako.

PP manipulatzen ari da pertsona hauek jasotzen dituzten laguntza sozialei buruzko eztabaida, botoak lortze aldera. Krisiaren aitzakiaz, eta aintzat hartu gabe immigratu beharra izan duten pertsonek pairatzen duten pobrezia eta baztertzearen benetako zergatiak, herritarrak elkarren aurka jarri nahi dituzte, bitartean elite pribilegiatu batzuk gero eta gehiago aberasten ari direlarik. Jokabide hau erabat arduragabea da, eta zatiketa ari da sortzen jendartean, baita jarrera arrazista eta xenofoboak ere.

 

ELAk arbuiatu egiten du edozein ekintza edo posizio arrazista zein xenofobo, lan munduan bezala jendartean ere, eta beste kulturekiko errespetua izango duen jendarte eredu baten aldeko konpromisoa agertzen du; guztientzako bizimodu duina bermatzea izan behar da eredu horren xedea, edozein dela ere pertsonen jatorria.