GIZARTE EKIMENA

ELAko langileek berretsi dute asanbladan EAEko Gizarte Ekimeneko aurreakordioa

2024/02/06
%16ko soldata igoera izango dute, KPItik gorakoa, finantziazio publikoa edo homologazioa muga izan beharrik gabe. Lanorduak gutxitzeak mesede egingo die ikasgelei eta zerbitzuen kalitateari, baita langileei ere, bereziki Haur Hezkuntza, administrazioa edo irakasle espezialisten sektore feminizatuetako langileei.

ELAk, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen %58ko ordezkaritza duen sindikatuak, asanblea egin du gaur sektoreko langileekin, eta berretsi dute Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin sindikatuak bart lortutako aurreakordioa. 14 greba egunen ondoren eta beste baten atarian, ELAk lortu du langileen hiru aldarri nagusiei erantzuteko aurreakordioa: erosahalmena bermatuko da, lan kargak arindu eta lanpostuei eutsi.

Hain zuzen ere, hitzarmenak 2021-2024ko indarraldia du, %16ko soldata igoera izango dute langileek, KPItik gorako soldata igoera bermatuta, finantziazio publikoa edo homologazioa muga izan beharrik gabe, erosahalmena ez galtzeko.

Lan kargei dagokionez, jardunaldiak murriztuko dira, gutxienez ordubete irakasle eta etapa guztietan, eta beste ordu osagarri bat gutxienez izango dute irakasleek. Gainera, esaterako, Haur Hezkuntzan urtean 20 orduko lanaldi murrizketa izanen dute irakasleek, eta laguntzaileek 38 ordukoa. Hezkuntza Laguntzaile Espezialisten kasuan, 20 orduko murrizketez gain, ordu osagarri gehiago izango dituzte: hiru gehiago lan jardun osoan daudenek, bi lan jardun erdiarekin. Oso garrantzitsua da hori, ikasleari atentzio hobea eskaintzeko denbora gehiago delako, eta baita Haur Hezkuntza, administrazioa edo irakasle espezialisten esparru feminizatuentzako langileen baldintzak hobetzeko ere.

Enpleguari begira, birkokapen akordioa eta erreglamendua gehitu dira akordiora, neurri zehatz eta eraginkorrekin. Era berean, Hezkuntza Sailari birkokapen akordioa ere berritzeko eskaera egingo zaio. Neurri horrekin, haur kopuruen txikiagotzeari eta erretiroei erantzungo zaie, lanposturik suntsitu eta okertu gabe.

Lanbide Heziketan ere merezi du honako hau azpimarratzea: 19 ikasletik gorako praktika eskoletan bigarren irakasle bat ipiniko da, eta lantokiko formazio esparru desberdinetan ikasleen jarraipena egiteko ordu gehiago bermatuko dira, besteak beste.

Gogoratu orain hiru urte iraungi zela sektoreko hitzarmena. 9.000 profesionalek osatzen dute sektorea, 130.000 bat ikasleekin, eta ELAk eta beste sindikatuek bultzatutako mobilizazioei eta 14 greba egunei esker lortu da lan kargei erantzutea, lanpostuei eustea eta erosahalmena bermatuko duen akordioa erdiestea.