ELAk bat egiten du DGT-ko trafiko langileen eskakizunekin
Azken urteotan gero eta nabarmenagoa izan da DGTk trafiko-azterketen zerbitzu publikoarekiko duen interes eza, eta daraman kudeaketa eskasa (ez da neurririk hartzen azterketen kalitate-protokoloak betetzeko, ez da kontrolatzen erakunde laguntzaileen jarduna…).
Horrekin batera, orokorrean, zerbitzuko langileen baldintzen gainbehera eta prekarizazioa dugu, eta bereziki, trafiko-aztertzaileenak, ahaztu gabe azken urteotako pribatizazio-joera, dagoeneko pribatizatu baitira gida-baimenak berritzea, matrikulazioak, autoeskola-irakasleentzako ikastaroak… Ondorioz benetako arriskua dago zerbitzua are gehiago hondatzeko, eta guztiz pribatizatzeko.
Langileen kidego horrek eskatzen du:
-
Prebentzio-neurriak hartzea, osotasun fisikoa ziurtatzeko.
-
Jasateko moduko lan-kargak, kalitate-estandarrak, ordutegi-mugak eta atsedenaldiak errespetatuz.
-
Lansariak zereginen arabera balioestea, postuen ezaugarriak kontuan hartuz (nekagarritasuna, arrisku-maila…)
ELAk apustu egiten du azterketen zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde, eta langileen baldintza hobe batzuen alde; horregatik, dei egiten du elkarretaratzeak egitera Donostiako eta Bilboko Gobernuaren Ordezkariordetzen aurrean, urriaren 21ean goizeko 11:00tan Donostin eta 12:00etan Bilbon.