ELAk bere gehiengo zabala sendotu du 2014ko hauteskunde sindikaletan
Hauteskunde sindikalen aldi honen balantzea oso positiboa izan da ELArentzat. Hala adierazi dute gaur goizean Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Txema Laiseka eta Leire Txakartegi Bilbon egindako agerraldi publikoan.
Eskualde eta sektore guztietan duen ordezkaritza zabal eta gehienena berritu du, prozesu hau hasi zenean zeukan ordezkaritza zertxobait hobetuz: %39,88a Euskal Autonomia Erkidegoan eta %21,53a Nafarroan.
Euskal Autonomia Erkidegoan aukeratzen ziren 4.967 delegatuetatik 2.362 lortu ditu ELAk, %47,55a. Nafarroan, berriz, aukeratzen ziren 992 delegatuetatik 283 izan dira ELArentzat, %28,53a.
ELAk gogoratu du garaipen hau abagune oso gogor batean datorrela, alderdi politikoen, patronalaren eta gainontzeko sindikatuen presio eta xantaiekin. Emaitza bikaina, areago kontutan hartzen badugu hauteskunde prozesu honetan 1.500 delegatu inguru gutxiago aukeratu direla.
ELAk bigarren sindikatuak duen ordezkaritzaren bikoitza du, eta Gipuzkoan lortu du ordezkaritzarik handiena (%43,76).
Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek batera, inoiz izan duten ordezkaritza mailarik altuena iristi dute (%58,21), CCOO eta UGTren emaitza batuta (%30,91) ia 28 puntutan gainditzen dutelarik.
Langileen nahia kontutan har dezala eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari. “Gehiengoa baztertzea onartezina da”, azpimarratu du Muñozek eta Urkullu Lehendakariak duela aste batzu eskatutako bilera ez ematea kritikatu du.