ELAk bere militantziaren babesarekin hitzarmen berrirako aurreakordioa sinatu du
Astezkenean adostutako testua ELAren militantziak babestu eta gero, gaur, Arabako Esku Hartze Sozialeko azken mahaia burutu da. Bertan, ELAk eta CCOOek aurreakordioa sinatu dute sektoreko lan-hitzarmena berritzeko, urte eta erdiko negoziazioen eta greba egin ondoren. Akordioak sektorearen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu, sektoreko langileen ekiparazioaren bidean aurrerapausoak emanez. Urteko jardunaldia funtzio publikora ekiparatzen da eta beste hainbat alderditan sektoreak zituen aldarrikapen historiko asko lortzen dira. Besteak beste hauek dira adostutako edukiak:
• 2025-2028 aldia hartuko du hitzarmen berriak.
• Soldatek %16ko igoera izango dute langile guztientzat, eta 4. eta 5. kategorietako langileek soldata-osagarri gehigarria jasoko dute. Gainera, hitzarmenaren amaieran KPIari %0,5eko bermea gehituko zaio.
• Urteko lanaldia 16 ordu murriztuko da, eta 1.592 ordukoa izango da.
• Opor egun bat gehiago izango dute langileek, eta norberaren gaietarako bi laneguneko lizentzia ere aitortuko zaie.
• Lizentzien arloan hainbat hobekuntza jasoko ditu hitzarmenak.
• Aldi baterako ezintasunaren (IT) osagarria hobetu egingo da: lehen 20 egunetan soldataren %90 bermatuko da, eta hortik aurrera %100.
• 60 urtetik gorako langileentzako neurri berriak ezarriko dira, baita gaueko lanaren jardunaldia murrizteko neurriak ere.
• Ordu osagarrien erabilerari mugak ezarriko zaizkio.
• Lan osasunaren arloan neurri berriak jasoko dira, tartean burnout-aren analisia egiteko konpromisoa.
• Binkulograma egiteko eskubidea aitortuko da, horretarako bi laneguneko baimenarekin.
• Beste hainbat hobekuntza ere jasotzen ditu akordioak, besteak beste, euskararen erabileran, telelanean, malguatasunean, oporren antolaketan eta intentsitate handiko entitateetan.
Negoziazio prozesu gogor baten ondoren ELAk zorionak eman nahi die urte luze honetan greba egiten eta mobilizatzen egon diren sektoreko langileei. Eduki hauek ez dira ulertzen erakutsi duten inplikazio eta borroka grinik gabe.
Azkenik, Instituzioek zaintza sektoreen pribatizazio eta prekaritzazio prozesuetan duten ardura salatu behar da. Zaintzak lanak ezin dira negozio ekonomikoak egiteko bitarteko bat. Gaurko akordioarekin, erresidentzietan gertatu bezala, aurrera pausu nabarmenak egingo dira, baina borrokan jarraitu behar da.