Gipuzkoako Grafikagintza

ELAk bere plataforma aurkeztu du hitzarmenaren negoziaziorako

ELAk bere plataforma aurkeztu du hitzarmenaren negoziaziorako
Bere militantziarekin inkesten bidez landu ditu aurkeztu beharreko eskaerak hilabete hauetan. %39,13ko ordezkaritza du ELAk sektorean.

ELA sindikatuak Gipuzkoako arte grafikoen hitzarmenaren negoziazioari begira aurkeztu dituen eskaera nagusiak hainbat arlotan oinarritzen dira. Lehenik eta behin, soldatei dagokionez, soldata taulen igoera, benetako soldaten igoera, aparteko ordainsarien igoera eta gaueko lanaren plusaren handitzea eskatzen dira.

Lana eta bizitza pertsonala uztartzeari dagokionez, 16 orduko lanaldi murrizketa planteatzen da, lizentzietan hobekuntzak egitea, egutegi aldaketei mugak ezartzea eta errelebo kontratua ezartzea. Era berean, sindikatuak lan osasunean eta prebentzioan sakontzea proposatzen du, gaixotasun arruntagatik hartutako bajetan absentismo indizea ezabatuz eta lan erritmoen eta lan kargen azterketa eginez, arrisku psikosozialen azterlan batekin batera.

Beste eskaeretako bat berdintasuna eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzera bideratzen da, feminizatutako kategorietan dagoen soldata arrakala amaitzeko neurriak hartuz, jazarpenaren aurkako protokoloa ezarriz eta euskara planak garatuz. Azkenik, ELAk prekaritatearen aurkako klausulak sartzea eskatzen du, azpikontratazio kasuetan azpikontratatutako langileentzat subrogazio eskubidea bermatzeko.

Honez gain gogoraratu du azken hitzarmenean KPIaren erreferentzia ez jaso izanak, %4,6ko diru galera suposatu duela langileentzat azken 4 urteetan eta beraz, aktualizazioa berandu iritsi dela. KPIaren erreferentzia behar beharrezkoa dela agerian geratuz.