ELAk berriz erran dio Nafarroako Gobernuari CENen, UGTren eta CCOOen aldeko abantailak iraunaraztea ez datorrela bat aldaketarekin
ELA sindikatuak adierazi duenez Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (SNE) lehen bezala jarraitzen du, hirutariko erakunde gisa, CENen, UGTren eta CCOOen agindupean. Eta hori da foru gobernuaren defizit garrantzitsua, zeren aldaketa gauzatzeko, ezinbestekoa da eredu maltzur hori berregitea.
Lehendakaria eta kontseilariak karguaz jabetu zirenetik ia bi hilabete iragan badira ere, oraindik ez da pausorik eman SNE goitik behera berrantolatzeko, eta UPNk 90eko hamarkadan taxutu zuen moduan jarraitzen du: eredu bezero-egile, baztertzaile eta iluna.
Eredu hori ez dator bat aldaketarekin
ELAk behin eta berriz eskatu du "elkarrizketa soziala" delakoarekin loturiko politika osoa berraztertzeko. Nafarroako ondoz ondoko gobernuek ia 20 urtez diru publikoaren kopuru itzelak bideratu dituzte UGT, CCOO eta CEN erakundeetara, arlo jakin batzuen bidez (inmigrazioa, lan-osasuna eta batez ere enplegurako prestakuntza).
ELAren iritziz eredu hori berraztertzea bezalako erabakiek ematen diote pisua aldaketari, eta ataza atzeraezinezko horri ekin beharko ziokeen gobernu berriak honez gero. Hala ere, azken hilabeteotan erabat kezkaturik ikusi ditugu gertakari hauek:
a) Nafarroako aurrekontu orokorraren diru-funtsak hitzarmenak egiteko, UGTrekin, CCOOekin eta CENekin
2015eko apirila eta uztaila bitartean Nafarroako Gobernuak 10 milioi euro inguru banatu ditu zuzenean orientabide, enplegagarritasun eta kualifikaziorako (eufemismo berria enplegurako prestakuntzaren diru-laguntzak ezkutatzeko —UGT, CCOO eta CEN—) erakunde horiekin egindako hitzarmen zuzen, izendun eta esklusiboen bidez.
Oroitarazi behar dugu funts horiek iruzurrean esleitu zirela, hitzarmen horien izena aldatuz Nafarroako Aurrekontuan 2015eko martxoaren 12an (aldeko botoak UPN eta PSN; abstentzioak I-E eta PP). SNE-ren zerbitzu juridikoek legez kanpokoa ote zen zalantzak jarri bazituzten ere, Gobernuak aurrera segitu zuen eta CEN, UGT eta CCOOekiko hitzarmenak sinatu zituen (9,5 milio apiriletik uztailera).
Gobernu berriak horrelako praktikak bukatzeko erabaki politikoa hartu behar du gehiago luzatu gabe. EH-Bilduk eta Geroa Baik kontra bozkatu zuten oposizioan zeudela, eta orain Gobernutik, gainerako indarrekin batera, berebiziko aukera dute konpontxo antidemokratiko hori desegiteko.
b) Estatuaren funtsei buruz
Gainera, gobernu berriak lehiaketa publikoak deitu ditu, enplegurako prestakuntzarako estatu-funtsak esleitzeko (2 milioi euro gehiago). Estatuko araubide berriak zuzeneko banaketa galarazten du; hori dela-eta, baremo bat egin du SNEk CENen, UGTren eta CCOOen neurrira, diru-laguntzak beste erakunde batzuetara joan ez daitezen. Horrela konprobatuko da lehiaketa amaitutakoan.
Gobernuaren aitzakia ere ez da baliagarria (“deialdia egitea premiazkoa zen, estatu-laguntzak ez galtzearren”), zeren denbora nahikoa izan da SNE berrantolatzeko, eta baremo garden bat prestatzeko, erakunde horien kontrolpetik kanpo.
Izendapen adostua
Zehazki, SNEko zuzendari berria izendatzeko formula itzulera gabeko puntu bat izan daiteke: gobernuaren organigramako kargu hori abuztuan adostu zen gobernu berriaren, CENen, UGTren eta CCOOen artean. Horrela egiten zuten UPNko (edo UPN eta PSNko) gobernuek inolako damurik gabe, baina gauzak aldatu nahi dituen gobernu batek ezin du horrelakorik egin.
Izendatu den pertsonaren egokitasunaz aritu gabe, ekimen horrek aditzera ematen du hemendik goiti ere SNEk (enplegurako prestakuntza barne) CENen, UGTren eta CCOOen menpean eta kontrolpean jarraitu ahal duela, eta erakunde horiek beren buruari milioikako diru-baliabideak banatuko dizkiotela, Comptos Ganberak behin eta berriz salatu duenez.
Ez da aski SNEren estatutuetan jasota dagoena aitzakia moduan erabiltzea. Estatutu horiek 1998an onetsi zituen Miguel Sanzen gobernuak, 148/1998 Foru Dekretuaren bidez (gero, 15/2012 Foru Dekretuaz aldatuak).
Nafarroako Gobernuak badu eskumena erakunde autonomoak desegiteko (hala egin zuen abuztuaren 12an Larrialdietako Nafarroako Agentziarekin), baina oraingo honetan behar duena erabaki eta borondate politikoak dira, zeren jakin badaki SNEren erabateko berregituratze batek CEN, UGT eta CCOO abantailarik gabe utziko zituela, kudeaketa publiko eta garden baten mesedetan. Ba ote du kemen nahikorik gobernuak printzipio horien alde agertzeko? Edo hiru erakunde horiekin haserretzeko beldurra handiagoa da? Gobernu berriak erantzun politikoa eman behar die arazo horiei lehenbailehen.
ELAk eskatzen du SNEren kudeaketa publikoa, gardena eta demokratikoa
ELAk, SNErekiko eta zehazkiago enplegu-prestakuntzarekiko, hurrengo lan-ildoak proposatu izan ditu:
a) Enpleguaren politika bertakoa izatea, eta ez onartzea menpekotasunik prestakuntza-politiketan, lan-bitartekaritzan... Gobernu Espainolarekiko.
b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren politikak zeharo berraztertu behar dira. Enplegurako zerbitzu publikoak bultzatu behar dira, eta lan-bitartekaritzarako erakunde pribatuen aldeko finantzaketa-eredua baztertu.
c) Enplegurako prestakuntza-eredu jakin bat garatu behar da, non lehentasuna emanen baitzaie lanbide-prestakuntza arautuko zentroei. Aitzitik, sindikatuei eta patronalari, eta haien menpeko fundazio eta entitateei eragotziko zaie prestakuntzarako diru-funtsak jasotzea.
ELAk uztailean adierazi zuenez lau alderdiek sinaturiko programa-akordioan ez dago konpromiso irmo eta argirik UGTren, CCOOen eta CENen aldeko azpikontratazio eta gainfinantzaketaren eredua baztertzeko. Horregatik, hori horrela den artean, guk hainbeste kritikatu ditugun organo horietan parte hartzea eta kidetzea proposatzeak ez du batere zentzurik.
|
CEN |
UGT |
CCOO |
|
335.692 euro Familia-enpresa 46E/2015 Ebazpena, maiatzaren 22koa |
305.500 euro Lan-arriskuen prebentzioa (1) 151/2015 Ebazpena, apirilaren 13koa |
250.000 euro Enpleguaren egonkortasuna 856/2015 Ebazpena, apirilaren 29koa |
|
64.000 euro Enpresa-aholkularitza 1380/2015 Ebazpena, uztailaren 1ekoa |
271.100 euro Lan-arriskuen prebentzioa (2) 150/2015 Ebazpena, apirilaren 13koa |
171.000 euro Emakumezkoen enplegu kontziliazioa 885/2015 Ebazpena, maiatzaren 8koa |
|
358.627 euro Zuzendaritzakoak eta familia-enpresa 66E/2015 Ebazpena, uztailaren 3koa |
50.000 euro Gizarte-erantzukizuna 176/2015 Ebazpena, apirilaren 28koa |
59.863 euro Langabeak (Anafe) 88E/2015 Ebazpena, maiatzaren 11koa |
|
924.852 euro Enplegagarritasuna eta kualifikazioa 68E/2015 Ebazpena, uztailaren 16koa |
578.248 euro Etorkinak laneratzea 1060/2015 Ebazpena, maiatzaren 22koa |
580.000 euro Etorkinak laneratzea 1070/2015 Ebazpena, maiatzaren 27koa |
|
198.360 euro Emakumezkoen enplegu kontziliazioa 1463/2015 Ebazpena, uztailaren 22koa |
250.000 euro Enpleguaren egonkortasuna 1061/2015 Ebazpena, maiatzaren 22koa |
1.642.693 euro Enplegagarritasunaren ibilbideak 1287/2015 Ebazpena, ekainaren 16koa |
|
145.471 euro Kualifikazioaren ibilbideak 75E/2015 Ebazpena, uztailaren 28koa |
170.247 euro Emakumezkoen enplegu kontziliazioa 1062/2015 Ebazpena, maiatzaren 22koa |
500.000 euro Enpleguaren programa integralak 1311/2015 Ebazpena, ekainaren 19koa |
|
|
495.718 euro Enpleguaren programa integralak 1071/2015 Ebazpena, maiatzaren 27koa |
249.600 euro Gazteen bermea 72E/2015 Ebazpena, uztailaren 24koa |
|
|
32.819 euro Lan-arriskuak herri-lanetan 229/2015 Ebazpena, maiatzaren 27koa |
200.135 euro Kualifikazioaren ibilbideak 77E/2015 Ebazpena, uztailaren 28koa |
|
|
1.642.033 euro Enplegagarritasunaren ibilbideak 1210/2015 Ebazpena, ekainaren 16koa |
|
|
|
91.701 euro Kualifikazioaren ibilbideak 78E/2015 Ebazpena, uztailaren 28koa |
|
|
GUZTIRA CEN: 2.027.002 |
GUZTIRA UGT: 3.887.366 |
GUZTIRA CCOO: 3.653.910 |
GUZTIRA, ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZAK, HITZARMENEN BIDEZKOAK, Nafarroako 2015eko aurrekontuen kontura:
9.568.278 euro
Diru-kopuru horri gehitu behar zaio lehiaketara atera diren bi diru-sail, SNEk finkaturiko baremazio bidez (81E/2015 Ebazpena, uztailaren 29koa, eta 82E/2015 Ebazpena, abuztuaren 7koa), hurrenez hurren 427.200 euro eta 1.596.297 eurorekin hornituak. GUZTIRA lehiaketara (oraindik ebatzeke): 2.023.497 euro.