ELAk EAEko Ostalaritzarako Akordio Markoa sortzea bultzatu du

2016/10/20
Akordio honen helburua, ostalaritza arloko hitzarmen probintzialak estatuko negoziaziotik babestea da. Gaur Lan Harremanen Kontseiluan izan den bileran honako enpresario-elkarteek hartu dute parte: Confebask, EAEko Ostalaritza Federazioa, Garen, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Gasteizko Ostalaritza Elkartea; bilera deitu duen ELArekin batera, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak ere bertan izan dira.

Ostalaritza Arloko lehen Akordio Markoa negoziatzen hasteko ELAk deitu duen bilera gaur izan da; bertara gonbidatuta zeuden EAEko ostalaritza sektorean ordezkaritza duten patronal eta sindikatu guztiak. Merkataritzan egin den bezala, Akordioaren helburua da EAEko lurraldeetako negoziazioa estatu mailako negoziazioaren esku hartzetik babestea.

2011ko erreforma laboralak negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera ematen du. Espainiar patronal eta sindikatuek, legeak ematen dien ahalmen hori baliatuaz, hainbat sektoretan negoziazioa estatalizatzeari ekin diote. EAEn eta Nafarroan negoziazio kolektiboan nagusi izan den sektoreko eremu probintzialak edukiz hustu nahi dira estrategia horrekin. Honek negoziazio kolektiboaren monopolioa ematen die eremu konkretuetan gutxiengoa diren organizazioei; ondorioa, soldaten jaitsiera eta lan-baldintza gero eta okerragoak euskal langileentzat; horixe ari da gertatzen sukaldaritza kolektiboko arloan.

ELAk, ostalaritza arloan gehiengoa duelarik, bere esku dagoen guztia egingo du estrategia hau geldiarazteko. Horregatik ekinbide hau bultzatu du, negoziazioa egituratu eta ostalaritzako lan-hitzarmen probintzialei lehentasuna emate aldera, hitzarmen estatalen inbasioaren aurka.

Gaur Lan Harremanen Kontseiluan izan den bileran honako enpresario-elkarteek hartu dute parte: Confebask, EAEko Ostalaritza Federazioa, Garen, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Gasteizko Ostalaritza Elkartea; bilera deitu duen ELArekin batera, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak ere bertan izan dira.

ELAk beste batzar bat deituko du azaroaren 11n, negoziazio-mahaiaren eratze formala egitearren.