ELAk egungo enplegurako prestakuntza ereduaren erabateko aldaketa exijitzen du
Gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan gizarte politiken arduradun Mikel Novalek azpimarratu duenez, “estatu-mailako erreforma hau sistema zital batekin amaitzeko aukera bat da. Sistema horretan kalitatea bigarren maila batean geratu da, patronalaren eta UGT-CCOO sindikatuen interes ekonomikoak lehenetsiz. Behar-beharrezkoa da orain arte eraman den norabidean erabateko aldaketa gauzatzea”.
Novalek gaineratu du orain arte Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua ez direla egon gai honetan egoerak eskatzen zuen mailan. “Penagarria da eredu aldaketa ematea Espainiako gobernuko Errege-dekretu batek EAEko eta Nafarroako gobernuak hala behartzen dituelako. Gainera, gaitzetsi egin nahi dugu erreforma honek suposatzen duen eskumenen eduki zentralizatzailea. Gauzak honela, dei egiten diegu Euskal Herriko erakundeei Enplegurako Prestakuntza Profesionalaren eredu propio baten garapenerako konpromisoa hartu dezaten”.
Iragan martxoaren 2an Espainiako gobernuak Enplegurako Prestakuntza Profesionalaren sistema erreformatzeko Errege-dekretua onartu zuen. Rajoyren erreformak bi helburu nagusi ditu: sindikatuen eta enpresari-elkarteen papera txikitu eta bere zentralizazio handiagoa.