ELAk ekitaldia iragarri du Donostian martxoaren 8aren atariko
ELAk salatu du emakumeen lanek eta soldatek balio sozial eta ekonomiko txikiagoa dutela, bereziki zaintzarekin lotutako sektore feminizatu eta prekarizatuetan. Sindikatuaren arabera, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoerak eragin zuzena izango luke sektore horietan, hitzarmenetako soldata-oinarriak indartuz eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatuz.
ELAk azpimarratu du LGS igotzeak kotizazioak handitu eta pentsio apalak dituzten emakume askoren egoera hobetuko lukeela; izan ere, askok lanaldi partzialak edo ibilbide etenak izan dituzte zaintza-lanengatik. Gogorarazi du seme-alaben zaintzarako eszedentzien %87 eta beste senideak zaintzekoen %72 emakumeek hartzen dituztela. Era berean, nabarmendu du emakumeek osatutako guraso bakarreko familien zaurgarritasun handiagoa, emakume migratzaileen pobrezia-arrisku altuagoa —lan-merkaturako oztopoengatik eta Atzerritarren Legearen ondorioz— eta 65 urtetik gorako emakumeen pobrezia-tasa handiagoak, lan-ibilbide zatikatu eta pentsio baxuen ondorioz.
Lan-baldintzen parekatzea prekaritatea gehien pairatzen dutenen egoera hobetuz egin behar dela defendatzen du sindikatuak (emakumeenak eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboaena, kasu). LGS igotzeak, berez, desberdintasun estrukturala konponduko ez badu ere, ELAk namarmendu du soldata tresna bat dela emakumeen autonomiarako eta indarkeria ekonomiko zein matxistaren prebentziorako.
ELAk adierazi du emakume askok ezin izango dutela grebarekin bat egin egoera administratibo irregularrean daudelako, lan kontraturik ere ez dutelako, edo lana egitea beste aukerarik ez dutelako. Horregatik, M17ko greba orokorra greba feminista ere badela nabarmendu du eta soldatak, fiskalitatea eta aberastasunaren banaketa eztabaidaren erdigunean jartzeko deia egin du.