ELAk elkarreratzea egin du salatzeko Jaurlaritza gero eta gehiago murrizten ari delako EHUren finantzaketan

2022/09/14
Bilboko Bizkaia Aretoan egin du EHUk ikasturte hasierako ekitaldia. ELAk inbertsioa handitu dezan eskatu dio Jaurlaritzari

EHU-UPVko ikasturtearen irekiera ekitaldian entzun diren Lehendariaren eta ordezkari politikoen hitz onak ez datoz bat errealitatearekin. EHUri eskaintzen zaion finantzaketa gero eta murritzagoa baita, eta hori salatzeko elkarreratzea egin du ELAK, Bilboko Bizkaia Aretoan; bertan baitzen ekitaldia.

Europan unibertsitate publikoak finantzatzeko bataz beste estatu bakoitzak BPGren %0,91 bideratzen dute. Espainiar Estatuari dagokionez, Europako bataz bestearen behetik dago: BPGaren %0,82koa da. EAEren kasuan, Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa finantzatzeko diru kopuruarena batez bestekoaren behetik dago, baita espainiar estatuko finantzaketatik ere: BPGaren %0,40koa da, eta azken urteetan murriztuz joan da: azken hamarkadan %0,10eko murriztu da.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak bere Aurrekontu Orokorretan EHUri eskaintzen dion finantzaketa murriztu egin da: 2012an %3,17koa zen, 20221an %2,59koa; %0,58 gutxiago alegia. Datu horiek agerian uzten dute Eusko jaurlaritzak ez duela kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustua egiten. Errektoretza taldeak ontzat eman du gainbehera hori, eta ez du ez unibertsitate publikoaren ez bertoko langileen interesen aldeko defentsa eraginkorrik egin.

Finantzaketa falta islatzen da Eusko Jaurlaritzaren ekarpenek EHUren aurrekontuetan duten zenbatekoan: 2012an Jaurlaritzaren ekarpenak % 76,50koak ziren, 2022an %73,65ekoak. Hamar urteetan % 2,85 txikiagotu dira.

Horrek guztiak eragin zuzena du bai unibertsitatearen hezkuntza kalitatean, bai lan baldintzetan. Azken hilabeteotan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Errektoretza taldeak honako murrizketa hauek eraman dituzte aurrera aldebakarrez, sindikatuon aldarrikapenen kontra:

  • Iazko azaroan, Eusko Jaurlaritzako kontrol ekonomikoko bulegoak UPV/EHU esku hartu zuen, eta gerenteak data horretan itxi behar izan zuen urteko aurrekontua.
  • Apirilean, berogailuak itxi ziren, hotz bolada baten erdian, energia fakturari aurre egin ezinik.
  • Abuztuan, lehen aldiz, kanpusak itxi dira bi astez.
  • Abuztuan jakin da Medikuntza fakultate berriko lanak gelditu egin direla finantziazio nahikorik ez dagoelako, 10 urte baino gehiagoko atzerapena izanik.
  • Soldata galera azken urteotan %16koa izan da.
  • Ikertzaileen ordainsaria okertu egin da, epaitegietan ELAk irabazitako epaien kontra eta gainerako sindikatuen oniritzi eta sinadurarekin.
  • Aste honetan bertan jakinarazi digute datorren urtetik aurrera erretiro primak aldebakarrez kendu nahi dituztela.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak unibertsitate pribatuak babesten ditu: Euneiz sortzea ahalbidetu du 64 milioi euroko laguntzarekin, edo Basque Culinary Centerren egoitza berrirako bat 24 milioi euro eta lurzoru publikoa laga ditu.

ELAk argi dauka EHUko kalitatezko hezkuntza eta kalitatezko enplegurako finantziaketa beharrezkoa izango dela, hori baita bide bakarra benetazko bikaintasuna lortzeko. Murrizketen aurrean, ELAk beharrezko diren ekimen eta mobilizazioak bultzatuko ditu EHUn kalitatezko hezkuntza eta enpleguaren alde.