ELAk elkarretaratzea egin du Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, Sukalde eta Garbiketa sektoreko kontsolidazio mahaian aurrerapausorik ez dagoela salatzeko

2022/06/27
ELAk elkarretaratzea egin du Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, Sukalde eta Garbiketa sektoreko kontsolidazio mahaian aurrerapausorik ez dagoela salatzeko. Kontsolidazio prozesuaren mahai negoziatzailea apirilaren 5etik ez da berriz batu. ELAren ustez, pribatizazioari ateak ixteko eta hainbeste urtetan aldi baterako lan egin duten langileak kontsolidatzeko ordua iritsi da, eta helburu horrekin sektorearen mobilizazioa sustatzen jarraituko du sindikatuak.

Sukalde eta Garbiketako langileek laister amaitzen den ikasturte honetan 8 egun greba gauzatu dituzte ELA sindikatuak deituta. Martxoaren amaieran 3 egun egin ziren eta maiatzean, 23tik 27ra, bost. Langileen aldarrikapenak bi dira:

  •   Sektorearentzako kontsolidazio prozesu bermatzaile bat egitea (plaza nahikoekin eta merituetan garrantzi erabakigarria izanik hezkuntza publikoan lan egindako denborak)
  •   Ordezkapenak lehenengo egunetik betetzen direla bermatzea, horretarako Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago eskainiz.

Gaur egun, lehiaketara aterako diren plazak argitaratuta daudenean, Sailak ez du azaldu meritu lehiaketan meritu bakoitzari eta bereziki hezkuntza publikoko eskola eta sukaldeetan lan egindako denborari emango zaion pisua zein den. Baina ez dirudi Saila kezkatuta dagoenik sortu duten ziurgabetasun horrekin.

ELArentzat «oso kezkagarria» da egoera hori. Batez ere, guztiaren atzean Hezkuntza Sailaren asmo argia dagoelako: prozesua bera atzeratzea, mahaia gero eta beranduago kokatuz, langileen antolaketa eta mobilizazioa oztopatzeko.

Gauzak horrela, ELAk mahai berri baterako deia egin zion Eusko Jaurlaritzari gaurko, kontsolidazio prozesuan aurrera egiteko helburuarekin. Inoren harridurarako, ez dira agertu, eta, beraz, negoziazio-mahaia antzeztu dugu Hezkuntzako Probintzia Ordezkaritzaren aurrean. ELAren ustez, pribatizazioari ateak ixteko eta hainbeste urtetan aldi baterako lan egin duten langileak kontsolidatzeko ordua iritsi da. Eta helburu horrekin sektorearen mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu.