ELAk elkarretaratzea egin du Hezkuntza Sailaren aurrean, Ordezkaguneak sortutako kaosa salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko

2022/09/09
ELAko militanteek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, Ordezkagunearen kaosa salatzeko eta Sailari erantzukizunak eskatzeko. Sindikatuaren ustez, Ordezkagunea plataformaren arazo teknikoetatik haratago, egun hauetan sortutako kaosa Hezkuntza Sailak hartutako erabakien ondorio da.

Ordezkaguneak izan dituen arazo teknikoez haratago, Hezkuntza sailak esleipen prozesuan erabili dituen irizpide ekonomizistak daude anabasa guzti horren atzean. Horrela, ondo antolatutako ikasturte hasiera lehenetsi beharrean, irailak 1 eta irailak 5 bitartean ordezkapenik ez egin eta dirua aurreztea lehenetsi ditu.

Irakasle titularrek uztailean jakinarazi zizkieten Hezkuntza Sailari ikasturte honetan hartu behar zituzten baimen eta murrizketak. Baimen eta murrizketa horiek hartuak zituzten irakasleen ordezkapenak abuztuak 31an gauzatu ziren esleipenetan eskaini, kudeatu eta irailak 1erako lanpostuak beteta eta ordezkapenak kudeatuta izateko aukera zuen Hezkuntza Sailak.

Bestelako erabakia hartu zuen, ordea, aurrez inolako jakinarazpen eta aurre abisurik gabe. Eta urte osoko ordezkapenak ez zirela argudiatuta, irailak 5ean beste esleipen prozesu bat gauzatzea erabaki zuen. Bertan, irailak 1 eta 2an sortutako lanpostu beharrez gain, abuztuak 31ko esleipenetan eskaini ez zituen lanpostuak eskaini zituen. Ordezkagunea programa informatiko bitartez gauzatzen dira esleipenak eta orain dela hiruzpalau ikasturte abian jarri zenetik arazo tekniko ugari izan ditu.

Irailaren 5ean ordezkagunearekin arazoak izan ziren berriro. Behin ikasturtea hasita, hainbat klaustro osatu gabe, ehunka eskola plantilla osatua izateko zain, eta milaka ordezko langile lanera zein eskolatara joan behar duten jakin gabe, arratsaldeko azken orduan Hezkuntza Sailak esleipenak bertan behera uztea erabaki zuen. Ohar orokor soil baten bidez adierazi zuen arazo teknikoak medio esleipen prozesu berri bat gauzatuko zuela irailak 7an, ohartaraziz bertan jada aukeraketa gauzatuta zuten langileek berriro gauzatu behar zutela aukeraketa, eta milaka ordezkapen ikasleak eskolara joan aurreko egunera arte atzeratuz.

Hori guztia gutxi balitz, irailaren 7an ordezkagunearekin arazoak izan ziren berriro. Eta Hezkuntza sailak arratsaldeko 20.00ak arte luzatu zuen ordezkoek aukeraketa gauzatzeko denbora. Ondorioz, milaka ordezkok ez dute aurreko gauera arte jakin ze ineskolatara joan behar duten lanera, ikasleekin batera hasi dute ikasturtea eskola ezagutu eta aurretiazko gutxieneko koordinazio gabe; ehunka klaustro modu egokiagoan antolatzeko aukera gabe geratu dira, eta ikasleek honen ondorioak jasango dituzte.

Hori guztia salatzeko eta Hezkuntza Sailari erantzunkizunak galdegiteko elkarreratzea egin du ELA sindikatuak Bilboko delegaritza aurrean.