ELAk erakundeei exijitu die pentsio-planetarako eta BGAE-etarako ekarpenak egiten jarrai dezatela
2014. urtean tokiko eta foru-administrazio guztiek Elkarkidetzarako ekarpenak eguneratu dituzte, baina Jaurlaritzak ez du Itzarrin gauza bera egin; Lakuak nahiago izan du doikuntza eta mozketen bideari jarraitu, langile publikoekiko bere betebeharrak aintzat hartu ordez.
Eusko Jaurlaritzaren jarrerak agerian uzten du hau borondate politikozko kontu bat dela; Madrilgo EAJren talde parlamentarioak hitzartutako zuzenketa bati esker ekarpenak egiteko aukera duen arren, ez ditu ordaindu. Begibistakoa da Gasteizko gobernuak oraingoan ere Madrilen aginduak betetzea erabaki duela, komeni zaiolako, eta langileentzat beharko lukeen dirua beste gauza batzutara bideratu nahi dituelako: AHT, zorraren ordaina, etab.
ELAk honakoa exijitzen du:
1. Tokiko eta Foru-Administrazioei, orain egiten ari den moduan ekarpenak egiten jarrai dezatela.
2. Eusko Jaurlaritzari, ekarpenak egin ditzala eta estatuko legeak ez ditzala aitzakiatzat hartu.
3. PPri, erretira dezala Estatuko aurrekongu-legegaian jasotako 20.3 artikulua.
4. Artikulua mantenduz gero, euskal erakundeei eskatzen diegu ekarpenak orain arteko moduan egin ditzatela.
5. Administrazioetako langileei dei egiten diegu lantokietan mobiliza daitezen, negoziazio kolektiboan aitortutako beren ekarpenak defenditzeko.
5. Jaurlaritzari, behingoz egin dezala enpleguko BGAEen alde, pentsio publikoak osatzeko pentsio osagarri bat izango dela bermatzeko.