ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari subrogazioaren gizarte-klausula nahitaez sar dezala kontratazio publikoko baldintza-orri guztietan

2017/02/13
Nafarroako Gobernua Kontratu Publikoen Lege berria idaztearen aukeraz baliatu behar da, ELAren LHEaren bidez sarturiko hobekuntzak finkatzeko, eta Administrazioaren azpikontratetan diharduten langileen baldintzak duinago bihurtzen jarraitzeko.

Gaur egun milaka nafar langile ari dira lanean Administrazioak azpikontrataturiko enpresetan. Kontratu Publikoen Legearen bidez langile horien baldintzak duindu daitezke, eta lan-egonkortasun handiagoa eman dakieke.

2014. urtean ELAk Legegintzako Herri Ekimen bat (LHE/ILP) sustatu zuen, kontratazio-orrietan klausula sozialak sartzeko helburuaz. LHE hark 14.635 sinaduraren sostengua lortu zuen. Ekimen haren ondorioz, eta izapide parlamentarioaren ondoren, Kontratu Publikoen Legea aldatu zen, eta orain indarrean dagoen bezala geratu zen (6/2006 Foru Legea). ELAren ekimenari esker, administrazio publikoetako azpikontratetan diharduten langileen baldintzak hobetu ziren, legean sartu ziren aldaketa hauen bidez: subrogazioa nahitaezkoa izatea zerbitzu-lagapenetan, sektore-hitzarmena nahitaez bete beharrekoa izatea, diru-eskaintza nahikoa izatea lan-kostuak egiteko, eta zehapenak ezartzea ez-betetze kasuetarako.

Subrogazioari dagokionez ELAren LHEan subrogazioaren betebeharrezkotasuna ezartzen zen kontratazio publikoaren orri guztietarako. Hala ere, izapide parlamentarioan ELAren testua aldatu zen, eta subrogazioaren betebeharrezkotasuna zerbitzu-lagapen kasuetara mugatu zen.

ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari subrogazioaren gizarte-klausula nahitaez sartu beharrekoa izateko, kontratazio publikoko baldintza-orri guztietan. Nafarroako Gobernua Kontratu Publikoen Lege berria idaztearen aukeraz baliatu behar da, ELAren LHEaren bidez sarturiko hobekuntzak finkatzeko, eta Administrazioaren azpikontratetan diharduten langileen baldintzak duinago bihurtzen jarraitzeko.