Bizkaiko egoitzetan lanaren eta arretaren prekarietateari eusten dio patronalak

2017/02/14
Bizkaiko egoitzetan lanaren eta arretaren prekarietateari eusten dio patronalak
ELA harriturik bezain sumindurik geratu da sektoreko hiru patronalek gaur arratsaldean egindako bileran aurkeztu duten proposamena ikustean; batez ere, kontuan hartzen badugu Bizkaiko zahar-egoitzetan ia 100 eguneko greba egina dutela. ELAk Ahaldun Nagusi Unai Rementeriari galdetu dio ea hori den patronalaren “arrazoizko” eta “ukaezinezko” proposamena.

Sektoreko hiru patronalek (GESCA, ELBE eta LARES) diru-eskaintza baino ez diote aurkeztu sektoreko langileen talde handi bati. Proposamen horrek, gainera, ez du bermatzen 2019rako, hilean 1.200 euro kobratzea ere. Patronalak egindako diru-eskaintza onartuz gero, %35etik gorako tartea egongo zen udal-egoitzetako langileen aldean, eta %25etik gorako tartea Gipuzkoako langileen aldean.

Patronalak ez du proposamenik egin Bizkaiko egoitzetako arreta-kalitatea hobetzeari dagokionez: orduak murriztea, ratioak hobetzea, ABLEak eta plusak hobetzea. Beraz, alde horretatik oraingo proposamena eskasagoa da azken bileran, iazko urria aldera egin zen bileran, egin zutena baino.

ELAk deialdia egin du, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egiteko, eta aldi berean Bizkaiko gatazka horren zergatiak azpimarratu ditu. Gatazka hori ez da konponduko Bizkaiko zahar-egoitzetako lanari eta arretari duintasuna ematen ez zaion bitartean.

Duintasun hori lortu ahal izateko, patronalak eta aldundiak hurrengo eskakizun hauek aintzat hartu behar dituzte:

- Urteko lanaldia 1592 ordukoa izatea sektoreko langileentzat. Pauso hori garrantzi handikoa da zerbitzu horretan kalitatezko arreta emateko bidean. Bai oraingo lanaldia, bai oraingo lan-kargak jasanezinak eta onartezinak dira, kalitatezko arreta eman ahal izateko.

- Soldata duina, gutxienez 1200 € hilean, hitzarmen honen peko langile guztientzat. Horrela amaituko da, neurri handi batez, langile horiek orain arte izan duten diskriminazioa.

- Arretarako ratioak hobetzea. Bestela esateko, egoitzetan pertsonal gehiago. Proposamen hori 2016ko azaroaren 17an aurkeztu zen Bizkaiko Foru Aldundian Babestu senideen elkartearen adostasunaz, baina gaur arte ez dugu erantzunik jaso.

- Hobekuntzak beste alderdi garrantzitsu batzuetan, besteak beste, Aldi Baterako Baliaezintasunaren bajetan eta plusetan. Alderdi horiek aztertu eta arautu beharrekoak dira.

Beraz, berriro eskatzen diogu Foru Aldundiari eta sektoreko patronalei erantzukizunez jokatzeko, eta 10.000 egoiliarrek eta 5.000 langilek jasaten duten egoerari irtenbidea bilatzeko. Gatazka horrek datorren astean 100 greba-egun beteko du. Baina, agidanez, duintasunagatik borrokatzen duten emakumeen greba hori ez da lehentasunezkoa gure foru aldundiarentzat.

Bestalde, bihar., otsailak 15, zahar-etxeetako langileak Aldundiaren aurrean elkarretaratuko dira eguerdiko 12,30etatik aurrera.