ELAk Eusko Jaurlaritzak gaur onarturiko Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektua errefusatzen du

2015/12/22
ELAk Eusko Jaurlaritzak gaur onarturiko Euskal Enplegu Publikoaren Lege-proiektua errefusatzen du
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen lege proiektua lan-erreforma eta herri-administrazioko enplegu-suntsipena onartzen du. Legebiltzarreko gainerako taldeei testu honi ezetza ematea eskatzen die ELAk.

ELAren ustetan, gaur Eusko Jaularitzak onartu duen lege proiektuarekin, EAEko administrazio desberdinetan lan-erreforma aplikatzea ahalbidetzen da, euskal lege bat garatzeari uko egiten da eta negoziazio kolektiboaren eskubidea ukatzen da. Zentzu honetan gogoratu nahi du azken 5 urteetan 10.000 lanpostutik gora suntsitu direla EAEko administrazio desberdinetan.

Enpleguari dagokionez, sektore publikoaren pribatizazioa eta azpikontratazioa finkatuko dira. Behin-behineko kontratazioa administrazioaren arazo nagusietako bat izan arren, gaur hiru langiletik bat egoera honetan dago. Lege-proiektuak, mugatu beharrean, ugaltzeko aukera zabalik uzten du.

Gizarteari, sindikatuei eta langileei administrazioaren kudeaketan parte hartzeko eskaintzen zaizkien tresnak gutxienekoak dira, botere osoa garaian garaiko gobernuko politikarien eta izendapen askeko kargudunen eskuetan geratuko da.

Hortaz ELA sindikatutik guztiz errefusatzen dugu gaur gobernuak onartu duen testua eta legebiltzarreko gainerako taldeak premiatzen ditugu gaur onetsitako testua ezestera, legebiltzarreko hurrengo izapidean.

ELAk mobilizazioak bultzatuz jarraituko du, lege-proiektu horri bidea oztopatzeko, EAEko sektore publikoko langileei eta orokorrean euskal herritarrei kalte larriak eragingo dizkielakoan.