ELAk Eusko Jaurlaritzaren asmoa gaitzetsi du, 2016. urtean austeritate-politikari eustekoa
ELAk uko egin dio Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriaren adierazpenari; besteak beste, zera esan baitu: Eusko Jaurlaritzaren 2016ko aurrekontuak kontinuistak izango dira, eta austeritate-politiken ildotik jarraituko dute.
ELAren iritziz, Urkullu Gobernuak, bere aurrekontu-politikan, apustu egin du gizarte- eta lan-murrizketen alde, lehentasuna eman baitio zorra ordaintzeari, 2015. urtean 1.000 milioitik gora, eta defizita betetzeari, herri honetako beharrizan sozio-laboralak artatzeari baino. Aurrekontu-politika horrek ondorio larriak ekarri dizkie herri-langileei: negoziazio kolektiborako eskubidea erabiltzea behin eta berriz baztertu, milaka lanpostu suntsitu, lanaldia luzatu, eta kidego horretako lan-baldintzak larriki murriztu dira.
ELAtik exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari 2016ko aurrekontu-politika errotik aldatzeko, eta orain arte egin duena ez errepikatzeko: troikak ezarritako austeritate-politikak Madrilekin adostu eta hitzartzea. Eusko Jaurlaritzak apustu egin behar du enplegu publikoaren alde eta herri honentzat aberastasuna sortzearen alde. Horregatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari pertsonalaren politika zeharo aldatzeko, sinaturiko akordioak eta negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatzeko, eta azken urteotan egindako murrizketetan atzera egiteko.