ELAk exijitzen du Enplegu Publikoaren Lege Egitasmoa erretiratzea
Gaurko bileraren ostean, eta Gobernuak bere kabuz eta sindikatuen partaidetzarik gabe prestatu duen zirriborroa zehazkiago aztertzen ez dugun artean, ELAk honako adierazpen hauek egiten ditu:
1.- Eskumenen arloa eta berezko funtzio publikoa:
-
Gure ustez zirriborroan berariaz egiten zaio uko euskal funtzio publikoaren berezko esparru bat izateari.
-
Estatuko oinarrizko arauekiko menpekotasun erabatekoa edonon eta edonoiz ikus daiteke. Ez da apusturik egiten gure herrialdeko errealitateari eta beharrizanei erantzuteko.
-
Zirriborroa norabide horretatik doa, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 7/2007 Legean ezarritakoari men egiten dio bete-betean.
-
ELAk berezko esparru bat nahi du, eta ez du onartuko kanpotik ezarritako eredurik geure funtzio publikoak behar dituen eskumen-mailen kaltetan.
2-. Negoziazio kolektiboa:
-
Administrazioek lan-baldintzak alde bakarretik erabakitzeko ahalmena gordetzen dute. Horrek praktikan dakarrena enplegatu publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea da.
-
Gobernuak, negoziazio kolektiboari dion arbuioa arrandiaz erakutsiz, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua desagerrarazi du, eta haren ordez aholku-batzorde bat eratu du, non sindikatuek ez duten lekurik izango.
-
Egin daitezkeen akordioak benetan beteko ote diren ez dago jakiterik (horretan badugu esperientziarik), eta gehiengoen joko-arauak errespetatzeko gutxienezko baldintza demokratiko hori ere ez da jaso.
-
Euskal administrazio guztiak batera biltzen duen negoziazio-mahai bat eratzea aurreikusita dago, lan-baldintzak beherantz homologatzeko asmo bakarrarekin. Izan ere, Gobernuaren esparruko lan-baldintzak askoz apalagoak dira, aldundietakoak eta toki-erakundeetakoak baino.
-
ELAk ez du onartuko negoziazio kolektiborako benetako eskubidea jasotzen eta bermatzen ez duen eredurik. ELAk gogoan duen negoziazio kolektiboa ezarpenik gabekoa da, eta joko-arau demokratikoak dituena, partaide berdinen arteko negoziazioa.
3-. Enplegu publikoa:
-
Zirriborroan ezta aipatu ere ez da egiten administrazioaren muga, funtzio publikoan herri-langileek jardun dezaten.
-
Zerbitzu batzuk kanpora ateratzeko, eta beste batzuk pribatizatzeko, mugarik jarri nahi ez izateak berresten digu enplegu publikoa argaltzeko dagoen asmoa, lanpostuak amortizatzeko eta zenbait zerbitzu pribatizatzeko dagoen asmoa.
-
Oraindik analisi zehatzik egin gabe ere, lan-erreformaren espiritua jasotzen da: “EEE”ak funtzionarioentzat ere bai —lanaldi eta soldata murrizketak, mugikortasunak, berregituratzeak eta baita pertsonal-murrizketak ere—.
-
ELAk ez du onartuko enplegu publikoa suntsitzen duen eredurik (amortizazioak, postu huts begetatiboak ez betetzea, ordezpenik ez, plantillak ez egonkortzea... zerbitzuak pribatizatzea). Hori guztia zerbitzu publikoaren kaltetan doa, kalitatearen zein kopuruaren aldetik.
4-. Euskararen sustapenik ez:
-
Gure iritziz ez da apustu argirik egiten euskara sustatzearen alde. Euskalduntze proiektu sendorik ezak distira egiten du; izan ere, herritarrei euskaraz harrera ematea bermatzen duen eta herrialde honetako euskalduntzea akuilatzen duen proiekturik ez dago.
-
ELAk ez du onartuko batere lege-egitasmorik, ez bada aurrerapauso nabarmenik ikusten euskara sustatzean, zerbitzu gisa eratzean, eta gure hizkuntza hedatzean eta finkatzean.
ELAren ikuspegitik Eusko Jaurlaritzak jarraitzen dio zerbitzu publikoak hondatzeko politikari. Jaurlaritza hori, azken urteotan aurrekontu-baliabideak sistematik kentzeagatik eta negoziazio kolektiborako eskubideari uko egiteagatik, erruduna da; berari egotzi behar zaio gure gizarte-ongizatean inoiz izan ez den murrizketa-mailaren errua.
Horregatik ELAtik zerbitzu publikoen gainbehera salatzen jarraituko dugu, lege-egitasmo hori erretiratzeko eskatuko dugu, eta dei egingo diegu langileei erabateko erantzuna emateko negoziazio kolektiboaren aurkako Jaurlaritzaren erasoari, pobretze-politikari eta enplegu publikoa suntsitzeari.