ELAk ez ditu baztertuko enplegu publikoa finkatzeko ahalegina eta benetako mobilizazioa

2021/01/15
ELAk ez ditu baztertuko enplegu publikoa finkatzeko ahalegina eta benetako mobilizazioa
ELAk euskal sektore publikoan mobilizazioak deitzen jarraituko du 50.000tik gora langileren enplegua finkatzea lortzeko nahiz eta euskal sektore publikoan ezarrita dauden sindikatuek urtarrilaren 14an egindako bilera akordiorik gabe amaitu izan. ELAk LAB, SATSE, STEILAS, CCOO, ESK eta UGT sindikatuei mobilizazio dinamikari hasiera ematea proposatu zien, eta otsailaren amaieran greba egitea. Bilera akordiorik gabe amaitu arren, ELAk lanean jarraituko du aliantza sindikalak egituratzeko eta behin-behineko langileen kolektiboekin lan egiteko, datozen egunetan enplegua sendotzeko mobilizazioak egiteko.

Ildo horretan, ELAk honako hau aurreratu du:

  • 1. Ez du baztertuko aipatutako helburua: behinbehinekotasuna pairatzen ari diren 50.000 langileeen enplegua finkatzea.
  • 2. Ez du baztertuko greba egitea euskal sektore publiko guztian, hori baita legeak egiteko ardura duten erakunde eta alderdiak estutzeko modua; hauek arazoari lehenbailehen eman behar diote aterabide bat, aintzat hartuz gure herriko zerbitzu publikoak sostengatu dituzten pertsona hauek.
  • 3. Zuzenean interpelatuko ditu aurrerantzean ere aldi baterako enpleguaren arazoa konpontzeko modua duten alderdi politiko guztiak; esaterako, Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaidan gertatu da alderdiek arazo hau ahaztu eta beste gai batzuk negoziatu dituztela.
  • 4. Aldarri nagusi hau ez du ezkutatuko beste batzuen atzean, hauek ere zilegi diren arren, noiz eta Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzera doazenean eta Gasteizen Kidego eta Eskalen Legea eztabaidatzekoa denean. Arduragabekeria litzateke erronkari ez erantzutea eta irtenbide bat ematen ez saiatzea.

ELAren iritziz gure agintarien erabaki politikoen eraginez daukagu Estatu guztiko eta Europako behinbehinekotasun tasarik handiena: sektore publikoan lan egiten duten 10 pertsonatik 4 aldi baterako egoeran daude. Beraz, hutsegite larria litzateke mobilizazioei garrantzia kentzea eta unea egokia ote den zalantzan jartzea, izan ere, helburua lortzeko aukera galduko genuke horrela.

Haatik, bileran beste sindikatuekin akordioa iristeko borondatez ELAk proposamen desberdinak jarri ditu mahai gainean, baina helburuei uko egin gabe eta jakinik horiek lortzeko aipatutako baldintzak bete behar direla.

Hortaz, ELAk lanean jarraituko du beste sindikatuekin eta bitarteko langileen kolektiboekin aliantzak eratzeko; gure xedea, datozen asteetan mobilizazioak antolatzea enplegua finkatzea lortzeko.