ELAk ez du onartuko atzerapausorik Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen eskubideetan

2016/11/18
ELAk ez du onartuko atzerapausorik Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen eskubideetan
Azaroaren 23an, asteazkena, 11:30ean negoziazio-mahaiaren bilera izango da, ELAren eskariz, 2017ko sektore-hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzeko. Hurrengo egunetan negoziazio-mahai guztiak eratuko dira, enpresa eta zentroko hitzarmen kolektiboak eta enpresa-itun blindatuak berritzeko. Guztira, azaroan, abenduan eta urtarrilean 35 negoziazio-mahai eratuko dira, 60tik gora lantokitarako eta 5000 langilerentzat.

ELAren aldetik oso zorrotzak izango gara hasieratik sektore-negoziazioa hasteko. Ez gara hasiko, patronalek ez badituzte onartzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2 proposamenak (2013ko otsailaren 6koa eta 2015eko apirilaren 26koa), ez badituzte oso-osorik onartzen.

ELAn ez dugu atzerapausorik emango langileen eskubideetan, oso kostata finkatu ditugu-eta. Beraz, negoziazio-prozesu bat hasteko baldintzetako bat egoitzetako %85etan erabakitakoa errespetatzea izango da. Hori guztia 2 foru-proposamenetan jasota dago.

Beste ardatz bat oinarri-akordio bat lortzea izango da, aldi berean egoitzetako sektorearen hitzarmen kolektibo berri bat sinatu eta dauden hitzarmen kolektiboak eta itun blindatuak berritu ahal izateko. Horretarako, prestatu diren plataformak berdin-berdinak dira esparru bietarako. 2013. urtean iragarri genuen bezala, enpresa-esparruak 2 eginkizun betetzen ditu, eginkizun funtsezko eta ukaezinak: itundutakoa benetan beteko dela bermatzea, Madrildik CCOOek, UGTk eta ADEGI-CEOEk egin ditzaketen erasoen aurrean, eta bestetik, egoitza bakoitzean 2012ko abenduaren 31 baino lehenagoko hobekuntzak finkatzea.

Negoziazio-prozesua hasteko beste funtsezko atal bat da lorturiko akordioak osotasunean betetzea. Gaurko egunean zenbait enpresatan ez diote eusten itundutakoari. ELAk zera ohartarazten du: 2016ko abenduaren 31rako ez badira konpondu ez-betetzeak edo ez badira behin betiko sinatu aurrez adosturiko hitzarmen kolektiboak, negoziazio-prozesua kinka larrian geratuko da. Ez da ohikoa ELArentzat akordio berriak negoziatzen jarraitzea, itundutakoa betetzen ez den bitartean.

Ez-betetze nagusiak hauek dira: soldata-igoerak, mutualitateek gertakizun arruntak kudeatzea, eta egutegiak prestatzean ordu osagarrien artikulua, ordu gehigarriena eta urteko egutegiaren osaketa. Salatu beharrekoa da enpresa gehienek, bai irabazi-asmoa dutenek, bai ez dutenek ere, jartzen dioten erresistentzia kontrataziorako zerrenda-sistemari, ehunka behin-behineko langile egonkortzea errazten duen sistemari. Ez da onargarria, diru publikoa jaso arren, plantillak ez egonkortzea. Egun 2016ko soldata tablak zahar-etxe gehienetan behar-bezala ordaintzen dira, hiru bakarrik daude tablak eguneratu gabe.

Beste alderdi bat, erabakigarriena, Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazioan jokatuko duen papera izango da. GFAk aurrekontu-plan bat onetsi du legealdirako. Baina, gure ustez, badu onetsita beste plan bat ere: ez uztea tarterik hitzarmen berri bat negoziatzeko, eta esaldi jakin hori errepikatzea: “langileen eta enpresaren arteko arazoa da”; eta prozesuak dirauen bitartean bere burua ezkutatzea. ELArentzat plan horiek ez dira sinesteko modukoak.

Akordioa nahi badute, tartean sartu beharko dira, lehentasunak jarri beharko dituzte, eta onartu beharko dute sektoreko lan-baldintzak normalizatzea beren esku dagoela. GFAk ez badu beregain hartzen dagokion erantzukizuna, eta ez badu bere jarrera aldatzen, beldur gara ez dela akordiorik izango, eta lehenago edo geroago, gatazka sortu egingo dela.

ELAk plataforma zabal bat prestatu du, sektoreko ehunka langilerekin adostasunez. Hamarka ekarpen egin dira ordezkarien bileretan eta lantokietako batzarretan; eta zenbait langileren ekarpen pertsonalak ere, interes handikoak, jaso dira. ELAren plataformaren helburua sektorearen arazoen mapa eguneratua izatea da, zeren arazo horiei lehenbailehen ekin behar diegu.

Gure lehentasunak negoziazioari begira hauek dira:

1.- Gipuzkoako egoitza-sektoreko langileei berme handiagoko negoziazio-eredu bat mantendu, indartu eta finkatzea.

2005-2008 Hitzarmenean galdutako osagarriak, kopuruak eta eskubideak berreskuratzea: antzinatasuna arian-arian igotzea, igande eta jai-egunetako plus egokia —egiten den ahaleginarekin bat datorrena—, atsedenaren 20 minutu ordainduak, norberaren 3 egunak lanaldiaren barruan, gaueko txandako pertsonalarentzako hobekuntza, aldi baterako baliaezintasunaren osagarria... eta soldata-igoera nabarmenak. Oso-oso urruti gaude GFAko, udaletako eta Kabiako pertsonalaren lan-baldintzetatik.

2.- Ratioak: negoziaziorako eztabaida-gai moduan zuzenean sartu ez arren, uneoro agertuko da kontu hori gure eskakizunen artean zeharka baino ez bada ere. Ratioak zaharkiturik geratu dira, eragile guztiek aitortzen dute ezinezkoa dela oraingo ratioekin lan egitea, ezin zaie eskaini gure nagusiei zerbitzu integral egokia. Eta, bestalde, langileen lan-bizitza prekarioa da (zenbait egoitzatan 15 lan-txanda daude), lan-kargak jasanezinak dira.

ELAren eskaera da ratioa %15 igotzea gaurtik bertatik hasita. Igoera horren bidez konpondu beharreko arazoak hauek dira:

1.- Gure nagusiei kalitatezko arreta ematea. Gaur egun ez da nahikoa ostatua eta osasun-arreta ematea. Badago beste beharrizan bat guztiz funtsezkoa, oraingo ratioarekin bete ezinezkoa: haiekin hitz egin behar da, entzun, adore eman, eta orokorrean, egoitza baten bakardadean izan ohi diren gabeziak bete.

2.- Lan egiteko txandak hobetu behar dira. Lan egiteko sistemek ezin diete oztopatu sektoreko langileei familia- eta gizarte-bizitza normalizatua izatea. Ordutegi-karga berdineko txandak hitzartu behar dira (ordutegi-karga desberdineko txandak 4 gehienez), eta lizitazio-eredua aldatu behar da, orduko preziotik altxaldiko preziora pasatuz titulartasun publikoko egoitzetan. Oraingo txanda- eta ordutegi-sistema jasanezina da.

3.- Sektoreko langileen karga fisikoak eta psikikoak arintzea. Atsedenaldiak ere ordaindu behar dira, 3 norberaren egun eman behar dira lan-egutegi zorrotzetatik ihesbide moduan, karga fisiko eta psikiko handieneko txandak indartu behar dira langileen osasuna arriskuan ez jartzeko, eta abar.

Labur esanda, sektore hau publikoa da funtsean, finantzabide publikoa du, eta negozioa beraz tasatua da, etekinak ziurtaturik dauzka. Langileen lan-baldintzak eta adinekoen zerbitzuen kalitatea erabaki politikoen menpe daude. Sektorea prekarioa baldin bada, lan-karga itzelak baditu, eta antolamendu-sistemak etengabeko frustrazioa eragiten badie langileei eta adinekoen senideei, orduan gauzak ez doaz bide onetik. ELAn urteak daramatzagu akordioen bila aurrera egiteko, bai langileen lan- eta gizarte-baldintzen aldetik, bai adinekoen ongizatearen aldetik. Baina gauza asko dago egiteko, horregatik ganoraz jokatzeko eskatzen diegu alderdi guztiei, prozesu hau ezin baita gehiago atzeratu.