ELAk ez du sinatu Nafarroako garbikuntza sektoreko hitzarmena

2016/06/22
Ekainaren 20an CCOOek, UGTk eta patronalak aurre-akordio bat lortu zuten Garbikuntzaren Hitzarmenari begira. Aurre-akordio horretan ez dira berreskuratu lehengo negoziazioaren murrizketak, ez da hitzarmena blindatuko lan-erreformatik, eta ez da hobekuntza handirik eginen.

Lehengo hitzarmenean (2012-2014) murrizketa handiak jaso ziren, eta ontzat eman zen lan-erreforma. Eta 2015-2018 aurre-akordio horretan aukera galdu da galera haiek berreskuratzeko. Aldi baterako baliaezintasunaren osagarriak ez dira hobetu, antzinatasuna kalkulatzeko hirurtekotik bosturtekora pasatzean galdutako %1,22 ez da berreskuratu, eta malgutasuna ez da kendu.

Soldata-igoerak urriak izanen dira: ez daude loturik KPIrekin, 2015ean izozketa, 2016an %0,5, 2017an %0,85 (hitzarmenaren plusa udazkeneko ordainsarian sartzearen bidez), eta 2018an %0,9. Gainera, igoera horiek oinarrizko soldatan eta hitzarmen-plusean aplikatuko dira soilik.

Lanaldia orain arte bezala geratuko da. Bi opor-egun gehiago izatea ez da hobekuntza, urteko lanaldia ez baita aldatu. Bestalde, ez da klausularik sartu, lanaldi partzialak luzatu ahal izateko.

Gatazkak konpontzeko bide gisa nahitatezko arbitrajea mantendu da, eta ez zaio hitzarmenari aplikazio-lehentasunik eman, estatuko hitzarmenaren aitzinean, zeinak gai garrantzitsuen erreserba gorde baitu, besteak beste, hitzarmenen egitura, konkurrentzia eta subrogazioa.

ELA kritiko agertzen da aurre-akordio horrekiko, sektoreko langileek hitzarmenaren negoziaziorako eskatzen zituzten parametroen barnean sartu ez delakoan.