ELAk Fernando Sotaren atxilotu eta espetxeratze agindua salatzen du

2014/04/24
Euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekintza kolektiboa kriminalizatzen ari dira, eta honen azken atal beltza dugu Fernando Sota atxilotu eta espetxeratzeko eman duten agindua.

Agindua epaiketa bidegabe baten ondorio da, inoiz egin beharko ez zatekeen auzi baten fruitu; Sotari ezarri zioten urtebeteko espetxe zigorraren ordez absoluzioa zor zaio, justiziaz. Gainera, Sotaren kasua Ines del Rio preso ohiarekiko elkartasunez egin zuen ekitaldi batekin hasi zen; hain zuzen emakume honen espetxealdia bidegabe luzatzeagatik eman zuen Estrasburgoko Giza-Eskubideen Auzitegi europarrak espainiar estatuaren aurkako epai bat. Ines del Rioren aldeko ekintzaren xedea horixe zen, luzapen injustu hori salatzea eta aurkako aldarrikapen soziala plazaratzea.

Estatuak amaiera eman behar die auzibide eta epaiketa politikoei, eta presoekiko elkartasuna kriminalizatzeari utzi behar dio. Espainiar botere exekutibo eta judizialak presoen eskubideen defentsa benetan amaitzea nahi badute, hobe lukete euskal preso politikoekiko daramaten gizatasunik gabeko espetxe-politika bertan behera uztea, lehenik legea bera beteaz.