ELAk galdegin du ogasunek iruzur fiskalaren aurka jo dezatela

2016/06/21
Iruzur fiskala urtean 3.735 milioi eurotik gorakoa da; hala ebatzi du “Ekonomia ezkutua eta iruzur fiskala EAEn” izeneko txostenak. Hau EHUko hiru katedradunek idatzi dute, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz.

Txosteneko ondorioek berretsi egiten dute hainbat urtez ELAk egindako salaketa, eta agerian uzten dute premiazkoa dela euskal ogasunek behingoz iruzur fiskalaren jazarpenari ekitea. Emandako datuen arabera, iruzur hori azken urteetan areagotu egin da; beraz, ogasunak ez dira ezer egiten ari, edo oso eragin txikia du egiten dutenak. Ondorioz, txostenaren egileetako bat den Zubiri irakasleak esan duen moduan, “harrapatzen ez bazaituzte, edota soilik egindako iruzurraren zati bat atzematen badizute, arrazoizkoa dirudi iruzur egiteak”. Iruzur fiskalaren atzean arduradun politikoak daude, eta hauek gizarteari kontu eman behar diote zergatik ez diren saiatzen delitu hau erauzten.

ELAk nabarmendu du euskal ogasunak isilik daudela, eta ez dutela esaten zein neurri hartuko duten iruzur fiskalaren aurka, honen eraginez milioika eta milioika euro galtzen diren arren (bide batez, murrizketa sozialak justifikatzeko aitzakia izango direnak).

Halaber, kezkatzekoa da iruzur fiskalak, hain arazo larria izanagatik, eztabaida politikoan duen leku txikia.

Azkenik, ELAk berretsi du premiazkoa dela iruzur fiskalaren jazarpenari buruz egin dituen proposamenak gauzatzea; izan ere, honetarako gauza bat besterik ez baita behar: borondate politikoa. Haatik, orain arte gai honetan aurrera egiteko borondate politikorik ez da ikusi.