ELAk Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eri eskatu die ez ditzatela aldaketaren lehentasunak ahaztu
Azken egunotan ELA gobernu-programa egiten ari diren alderdi politikoekin bildu da, eta jakinarazi die behar-beharrezkoa dela lehentasuna ematea desberdintasunaren aurkako borrokari eta aldaketa sozialari. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Erekin izan diren elkarrizketetan ELAk nabarmendu du aukera historiko hau ezin dela alferrik galdu, eta benetako aldaketa sozialari ekin behar zaiola.
Batetik, sindikatuak alderdiei gogoratu die hauteskunde-kanpainaren bezperan aurkeztu zuen agiria, “Nahi dugun aldaketa politiko eta sozialerako proposamenak” izenekoa, non jaso diren gure ustez hurrengo gobernuaren ekintza politikoaren ildo nagusiak beharko luketeenak.
Elkarrizketa hauen ondoren, eta argitaratzen ari den informazioa ikusita, ELA kezkatuta dago alderdien arteko akordioan bigarren mailan gera daitezkeelako gizarte-politika edota erregimeneko egiturak desegitea.
ELAk alderdiekin izan dituen bileretan gogoratu du aldaketa sozialari ekitea premiazkoa dela milaka nafarren bizimodu gero eta txiroagoa hobetzeko. Programari buruzko akordio batean neurri konkretuak jaso behar dira gero eta handiagoak diren desberdintasuna, pobrezia eta langabeziari erantzuna emateko. Aurrekontuetan zenbateko nahikorik ez badago, eta zerga-politika alternatiborik gabe, edozein gizarte-politika hankamotz geratuko da.
Bestalde, sindikatuak gogoratu du ere aldaketa sinesgarria izan dadin ezinbestekoa dela erregimeneko egitura klientelarrak desegiteko helburua.
Honekiko, eta ustezko elkarrizketa sozialari buruz, ELAk azpimarratu duenez arazo nagusia ez da ELAk mahai horietan parte hartzea ala, eredua bera baizik. Arazoa parte hartzearen auzira mugatzea bere hortan uztea litzateke. ELAk mahai gainean jarri du sare klientelarra eratu duen eredu hau izan dela erregimenaren zutabe nagusietako bat, eta bere helburu bakarra Gobernuaren politikak babestea zela, horren truke UGTk, CCOOek eta CENek finantzazio publikoa jasotzen zutelarik.
Gure ustez eredu honek berarekin dakarren funtzio publikoen azpikontratazioa ezin da inondik ere babestu. Horregatik, ELAk errepikatzen du gobernu berriaren ekarpenetako bat izan behar dela klientela eta pribilegiozko sare hori dena desegitea, eta hainbat eremu arlo publikoaren esku jartzea, esaterako langileen prestakuntza, enplegua, etxebizitza, immigrazioa, lan osasuna, etab.
Herritar nafarrek galdegiten duten aldaketa sozial eta politikoa ez da orain arteko egituretan kide gehiago sartzea (hauek erabat alferrekoak direla agerian geratu da); haatik, aldatu egin behar dira.
Azkenik, sindikatuak dei egiten die Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eri tinko jokatu eta akordio programatikoan finkatuta gera daitezen lehentasun sozialetara bideratuko diren aurrekontuko atalak, hauei esker izango baita benetakoa hain denbora luzez espero izan den aldaketa.