ELAk Gipuzkoako Avanza Autobusen (Pesa) mantentze faltak erabiltzaileak eta langileak arriskuan jartzen dituela salatzen du

ELAk Gipuzkoako lurraldean zerbitzua ematen duten Avanza Movilidad Gipuzkoa SAren (Pesa) autobusen egoera txarra salatu du. Matxurak ohikoak dira, eta askotan autobusak zerbitzuaren erdian matxuratuta geratu dira. Argi dago mantentzea ez dela nahikoa: alanbreak bistan dituzten gurpil gastatuak, likido falta direkzioan, balazta zapatak erreta, aire egokitua matxuratua... Horrek guztiak arrisku larria dakar bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat. Enpresak, hala ere, ez dio jaramonik egiten autobusen mantentze lan egokiak egiteko eskaerari.
Egoera horren aurrean, ELAk bi bilera eskatu ditu Aldundiarekin, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Bestalde, ELAk salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, autobus flota gainbegiratu dezan.
Egoera jasanezina da, eta erremediorik jartzen ez bazaio, ezbeharren bat gerta daiteke. Horregatik uste du ELAk beharrezkoa dela Aldundiak eta Lan Ikuskaritzak ahalik eta azkarren jardutea.