ELAk Nafarroako Gobernu berriari zerbitzu publikoetarako proposamena jakinarazi dio

2015/08/09
ELAk aldarrikatu du benetako negoziazio kolektibo bat ireki behar dela, Estatuko legediaren menpetik kanpo, eta horretarako Barkos-i zein Beaumont-i gogorarazi diegu Nafarroako Funtzio Publikoaren eskumen osoa defendatu beharko dutela.

ELA sindikatuak bilera honen deialdia eskertzen du eta ongi etorria ematen diegu Uxue Barkos lehendakariari, María José Beaumont kontseilariari eta Funtzio Publikoaren gainerako ordezkariei. Espero dugu Gobernuaren arduradun berriak zerbitzu publikoen eta euren langileen aldeko defentsan arituko direla, oso premiazkoa delako, baina batez ere Nafarroak behar duen aldaketa sozial sakon eta iraunkorra gauzatzeko ezinbestekoa delako.

Lehenik eta behin, Nafarroako Administrazio Publikoek zerbitzu publikoetan daukaten ardura modu zabalago batean hartu behar da. Ez dira bakarrik langile publikoek ematen dituzten zerbitzuak, baizik eta arlo pribatizatu ugari (sozio-sanitarioa, garraio publikoa, hezkuntzaren esparru asko, zerbitzu azpikontratatuak eta abar), logika merkantilista baten pean kondenaturikoak. Egoera hau herritarren eskubideen berdintasunaren aurka doa, oso modu agerikoan. ELAk bere apustua luzatzen du sektore horiek Administrazio Publikoetan barneratzeko prozesu baten alde, eta horretarako metodoak eta epeen zein baldintzen negozioazioa mahai gainean jarriko ditugu.

Funtzio Publikoari dagokionez, ELAk espero du benetako negoziazio kolektiboa indarrean jarriko dela, langile publikoen lan eta soldataren baldintzak aldebiko moduan adosteko, alde bakarreko inposiziorik eta murrizketarik gabe. Horretarako, nahikoak diren eskumenak ditu Nafarroak, eta adostutako akordioak betetzeko lege-mekanismoak daude, Administrazio guztiek mahai honetan adostutakoa errespeta dezaten. Hala ere, ezinbestekoa da oinarri hauen aldeko Nafarroako Gobernuaren engaiamendu tinkoa, batez ere Espainiako Administrazioarekiko gatazka sortzea sahiestezina den egoeratan. Hau da, hain justu, urte hauetan egin ez dena.

Hori dela eta, eta baita zerbitzu publikoen kalterako murrizketekin bat etortzeagatik ere, Nafarroako Administrazioen langileek euren eros ahalmenaren %15ko galera pairatu dute azken urteotan. Horri gehitu behar dio 2012ko 14.soldataren lapurreta, %76koa oraindik kobratu gabea. Gainera, departamentu guztiek izugarrizko murrizketa eta prekarizazioa pairatu dituzte, arlo pribatuetan baino portzentaia handiagoan. Hori enpleguaren duintasunaren aurka joateaz gain, zerbitzu publikoen kalitatea kaltetzen du erabat. Horren arrazoia izan da Enpleguaren Eskaintza Publikoen eta ordezkapen tasen murrizketa onartu izatea.

 

 

Zerbitzu publikoak hobetzeko aldarrikapen zehatzak jakinarazi arte, ELA sindikatuak uste du neurri batzuk premiazkoak direla eta Nafarroako Gobernuak zein gainerako administrazioek indarrean jarri behar dituztela ahalik eta lasterren:

1. 2012ko 14.soldataren %76a itzultzea. Gobernua sostengatzen duten alderdiek horren aldeko lege bat onartu zuten eta agintean egon diren tokian tokiko erakundeetan ordaindu dute.

2. Lan egutegia (jaiegunen berreskurapena) eta soldaten igoerarako negoziazioa irekitzea, 2010tik hona pairaturiko murrizketak berreskuratze aldera. Horretarako, Estatuan iragarritako neurriak (2016rako %1ko igoera, besteak beste) ez dira balekoak, ezta abiapuntu moduan ere.

3. Funtzio Publiko osoaren berrantolaketa, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipioetan oinarriturik, klientelismoaren zantzuak eta soldaten gehigarriak edota karguen izendapenak bertan behera uztea, atxikimendu pertsonalen edo politikoen truke baldin badira.

4. Enplegu publikoa babesteko plana indarrean jartzea EPE-ren deialdien bidez, prekarietatearen portzentaia gutxieneko beharretara murriztu arte (bajak, oporrak, bestelako ezusteak...). EPE-ak zerbitzu publikoek eskatzen dituzten beharreko langileak bermatzeko tresna izan behar dira, eta ez langile batzuk beste batzuen aurka bultzatzeko erreminta, lanpostu gutxi batzuengatik borrokatuz. Hori gertatu da Hezkuntzan, Osasunbidean, NLAn eta Nukleoan, eta arlo hauetako abian dauden oposizioen eskaintza handitu egin behar da ahalik eta lasterren.

5. Epe ertain eta luze eskatzen dituzten neurriak badaudela aitortuz, beste batzuk hemendik gutxira indarrean jarri behar dira, gaurko gobernukideek oposizioan zeudenean defendatu zituztelako. Koherentziaz, hauxe dira adibide batzuk:

   a) Hezkuntza: PAI eta LOMCE gelditzea eta 2010ra arte indarrean zeuden erratioak eta klaseko orduak berreskuratzea. Ikastetxe aukeratzeko benetako eskubidea (eta ez ikasleak hautatzearen ikastetxen batzuen pribilegioa), eta zein hizkuntzatan ikasteko aukera bermatzea (euskararen ereduen eskaerari eustea Nafarroa osoan).

   b) Osasunbidea: zerbitzu pribatizatu guztiak itzularaztea (ospitaleetako sukaldeak, besteak beste), osasun publikoaren aldeko apustu garbia eta zentro pribatuetarako deribazioen itunak aztertzea eta, kasu batzuetan, bertan behera uztea, berreskuratutako baliabideak sare publikoan inbertitzeko.

c) Nukleoa: pribatizatutako liburutegiak itzularaztea eta langileen kontratatazioa noiz behinkako itxierak ez gertatzeko. Hezkuntzaren ez Dozenteen betiko diskriminazioarekin amaitzea. Montepioren langileen aurkako murrizketak aztertzea. Foru Ogasunaren ikuskaritza sendotu behar da eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hirukotearen egitura deuseztatu (CEN, UGT eta CCOO), Funtzio Publikoaren barruan sartzeko (etengabeko formazioaren azpikontratazioa fiskalizatu eta mugatu behar da).

d) Foruzaingoa: eredu polizialari buruzko eztabaida zabaltzea, eskumen guztiak hartzeko helburuarekin; orain gutxi onartutako Polizien Legea garatu behar da negoziazioaren bidez eta zilegi gabeko izendapen librearen karguak bertan behera utzi behar dira, klientelismoa kanporatuz.

 e)  Justizia: Nafarroarentzako eskumen osoa bermatu behar da, LOPJ-ren 8. xedapen gehigarria garatuz, gaurko araudiak agintzen dituen lan eskubideak eta mugikortasuna galdu gabe; bajan dauden langileei soldata osoa ordaindu behar zaie.

Eta azken finean, aipatu gabeko arlo guztietan (ANE, ANAP, INDJ, ISPLN eta abar) benetako negoziazioari ekin behar diogu ahalik eta lasterren.