ELAk greba mugagabea proposatu du TRWn, 250 langile kaleratzeko EEE onartezina geldiarazteko

2016/01/20
ELAk greba mugagabea proposatu du TRWn, 250 langile kaleratzeko EEE onartezina geldiarazteko
ELAk erabat gaitzetsi du Landabengo TRWren Enplegu Erregulazioko Espedientea, 250 langile kaleratzea dakarrena, eta baita baldintza sozio-ekonomikoak galtzea ere. Hain eraso eta xantaia bortitzaren aitzinean ez dago besterik greba mugagabea egitea baino. Benetako negoziazioa egin nahi badugu, behar adina mobilizazio bultzatu beharrez gaude.

EEE hori zuritzeko eman diren zergatiak enpresak berak sorturiko estrategiaren baitakoak dira. Nolatan argudiatu daitezke antolamendu-arrazoiak TRW bera izan bada zuzeneko eta zeharkako langileen ratioa erabaki duena?

Enpresak ezin du argudiatu ekoizpen-arrazoirik hark berak erabaki badu Polo berriaren direkzioa Polonian ekoiztea, eta aitzinetiko hitzarmenaren negoziazioan harturiko konpromisoa, lan-karga berriak jartzearena, bete ez badu.

Enpresak ezin du arrazoi ekonomikorik alegatu, TRW Automotive España enpresa onbideratua, errentagarria, likidezia-arazorik gabea eta oso finantza-egoera onekoa delako. Hori hala denik ez da bakarrik ELAren kontua, enpresak berak aitortu du bere kontuetan eta kudeaketa-txostenean, Merkataritza Erregistroan aurkeztuetan. Auditatu diren azken bost urteotako etekinak 140,8 milioi eurokoak izan dira (23.000 milioi pezeta baino gehiago). Eta dirua sortzeko gaitasuna (cash flow) 195,4 milioi eurokoa izan da epealdi horretan.

Hori da TRWren aurkezpen-gutuna, eta 250 langile kaleratu nahi dituela kontatzen digu. Zenbateraino jasan behar dugu? TRWk nahi duena ez da kaleratze horiek egitea soilik, horren mehatxupean hitzarmen berriaren negoziazioa ere baldintzatu nahi du, eta soldata- nahiz gizarte-eskubideak murriztu. TRWk horrela finantzatu nahi ditu kaleratuen kalteordainak, lehengo eta hurrengo hitzarmenen murrizketen kontura. EEEaren txostenean erraten denez, 2016 eta 2017 urteetako lan-erritmoak areagotzearen ondorioz 63 langile, zuzeneko eskulanekoak, kaleratu behar direla, eta guztira 250 kaleratze proposatu dira.

Egoera ez da berria TRWn. 90eko hamarkadaren hasieran ere, langile-soberakinagatik, kaleratzeak proposatu ziren. Orduan produkturik ez zegoela kontatu ziguten. Baina baterako mobilizazioak eta plantilla osoko greba eginda, konponbide traumatikorik gabeko akordioa lortu genuen, eta enpresaren jarduera berriz ere suspertu zen.

Horregatik, ELAren iritziz tamaina horretako eraso horren aurka greba mugagabe batera deitu behar da ezinbestez, TRW-Landabengo plantilla osoaren enplegua eta lan-baldintzak babeste aldera.