ELAk Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzari eskatzen dio ordezkapen zerrendak irekirik mantentzea eta berehala merezimenduen baitako zerrenda osatzea

2017/06/14
ELAk Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzari eskatzen dio ordezkapen zerrendak irekirik mantentzea eta berehala merezimenduen baitako zerrenda osatzea
ELAk Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzari eskatzen dio zerrendak irekita uztea eta hartu duen erabakiaren ondorioak konpontzeko, berehala merezimenduen araberako esleipenak egitea. Modu berean, berdintasun printzipioa eta bere eskubideak urratuak ikusi dituzten langileei salaketa jartzeko deia zuzentzen die sindikatuak.

Atzo gertatu moduan, gaur ere egoera lotsagarria errepikatu da Haurreskolak Partzuergoaren ordezkapen zerrendetan izen-ematerako orduan. Egun batetik bestera, zerrendak ireki, izen emate epea bi egunetara mugatu eta, bereziki, ordezkapenetarako esleipenak izen-emate hurrenkeraren arabera egitearen erabakiak izugarrizko kaosa sortu du milaka pertsonengan.

Gaur ere ehunka pertsona metatu dira haurreskolen egoitza aurrean eta hainbat pertsonak pasa dute gaua izena-ematen lehenak izateko. Aurrez salatu moduan, prozedura honek beste garai batzuetako irudiak eta erabateko zalaparta eta kaosa sortzeaz gain, lan, zaintza lan edo egoera pertsonalengatik bertaratzerik izan ez edo beranduago izen-eman duten pertsona asko izen emateko edo ordezkapenen bat esleitzeko aukerarik gabe utzi dute, meritu nahikoa izan arren.

Egoera honek agerian uzten du milaka pertsonek pairatzen duten langabezi eta prekarietatea eta Eusko Jaurlaritzak beraiekiko duen jokabide onartezina. ELAri onartezina iruditzen zaio administrazio publiko batek lan-bila dabiltzan milaka pertsonekiko honelako jokabidea izan eta erabaki hauek hartzea.

ELAk Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzari eskatzen dio zerrendak irekita uztea eta hartu duen erabakiaren ondorioak konpontzeko, berehala merezimenduen araberako esleipenak egitea. Modu berean, berdintasun printzipioa eta bere eskubideak urratuak ikusi dituzten langileei salaketa jartzeko deia zuzentzen die sindikatuak.

Haurreskolak Partzuergoaren zuzendaritzak eskaturiko bidean pausorik ematen ez badu, ELAk gerentearen dimisioa edo kargugabetzea eskatuko du.