Hezkuntzako osasun arazoen batzordea

ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio hezkuntza publikoko langileen lan osasuna erdigunean jartzeko

2024/04/09
ELAk elkartaratzea egin du Lakuan eskatzeko gaixotasun kronikoak dituzten langileentzako neurri egokiak.

Jaurlaritzak Hezkuntzako osasun arazoen batzordera deitu ditu gaur sindikatuak, eta horren atariko, ELAk elkarreratzea egin du Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusiaren atarian, honako hau eskatzeko Hezkuntza Sailari: langileen lan osasuna eta ongizatea erdigunean jartzeko.

Izan ere, lan osasuna ez da lehentasuna Hezkuntza Sailarentzat. Horren adibidea da mediku azterketak batez beste 15 urtean behin egiten direla, prebentzio zerbitzuari esleitutako baliabideak urriak direla, edo arrisku psikosozialen azterketak eskola gehienetan egin gabe edo aspaldi egindakoak direla, jarraipenik gabe.

Arrisku psikosozialen azterketa egin gabe dauka, esaterako, Gasteizko segregazio maila handienetakoa duen Francisco de Vitoria eskola publikoak. ELAk orain dela gutxi salatu du ikastetxe horretako langileek bizi dute antsietate egoera: langileriaren % 60 baino gehiago behin-behinekoa da, eta gaixotasun baja ugari dituzte. Hezkuntza Sailari dagokio lana egoki antolatzea, langile egonkorrak eta baliabide nahikoak eskaintzea, baita ondo prestatutako zuzendaritza taldea bermatzea ere. Sailak, ordea, ez du arrisku psikosozialen azterketa ere eginda eskola horretan.

Interes eta borondate falta horren kaltetu nagusiak Hezkuntzako langileak dira, eta zeharka baita ikasleak ere.

Errealitate horretan, gaixotasun kronikoak dituzten langileak daude egoera zaurgarrienean. Orain gutxi arte, langile horien beharrei zerbitzu eginkizun bidez erantzuten zitzaien. Hau da, langile horien premiei egokitutako lanpostuak esleitzeko mekanismo bat zegoen. Hiru ikasturteotan, aldiz, bertan behera utzi du bide hori Hezkuntza Sailak.

Orain, lanpostua egokitzeko eskatzeko aukera dute langileek, baina errealitatea da oso gutxi egokitzen direla, baliabideak urriak direlako, bestelako irizpideak gailentzen dira, eta neurri asko berandu datoz.

Ondorioz, dozenaka langile behartzen dira euren ongizate fisiko eta psikikoa arriskuan jartzen dituen egoeretan lan egitera. Hori onartezina izateaz gain, esan nahi du Hezkuntza Sailak ez dituela legez ezarrita dituen betebeharrak errespetatzen.