ELAk Hezkuntza Legearen oinarriak errefusatu ditu, plantillen bizkar eginda daudelako eta Espainiako estatuak ezarritako arau- eta curriculum-esparrua onartzen dutelako

2022/04/04
Ikastoletako, hezkuntza publikoko eta gizarte-ekimeneko ikastetxeetako ELAko ordezkariak bat datoz Hezkuntzako Lege berrirako oinarrien edukirik eza salatzerakoan. Azpisektoreetako plantillen iritziz, akordio baten antzezpena haren edukiei gailendu zaie, egungo hezkuntza-sistemaren akatsak eta gabeziak betikotzen baititu.

Hezkuntza Legerako oinarriekin oso kritiko azaldu dira gaur ELAko hezkuntzako alorreko hainbat ordezkari, gaur eskaini duten prentsaurrekoan: Ikastoletako langileak, Gizarte Ekimenekoak eta Hezkuntza publikoko irakasleak, sukalde eta garbiketako langileak, Heziketa Bereziko langileak zein eta Haurreskoletakoak, zehazki.

Izan ere, honako diagnostikoa partekatzen dute: patronal, indar politiko eta gobernuek urteetan hartu eta adostutako erabakien ondorioz, ikasleak euskalduntzeko gero eta zailtasun handiagoak daude, eta gero eta uniformatzaileagoa, merkantilistagoa eta segregatzaileagoa da egungo Hezkuntza sistema. Horren aurrean, ELAko kideek garbi dute errealitate hau aldatu behar dela, eta horretarako jomuga gisa hartu behar da lan baldintza egokiak izango dituen sare bakarreko hezkuntza sistema propioa, euskalduna, publikoa, inklusiboa eta anitza. Eta argi dute, helburu horretara iristeko balizko trantsizio bat egingo bada, hezkuntza sistema osatzen duten langile guztiak kontuan hartuta egin beharko dela.

Legebiltzarrean jorratu den prozesuan, ordea, ez da halakorik gertatu, eta ez dirudi horretarako asmorik dagoenik ere, diotenez. Hori horrela izanik, Legebiltzarrean Hezkuntza Legea osatzeko onartu berri diren oinarrien lanketa prozesuari eta edukiari erreparatuz, honako hiru ondorio nagusi atera dituzte:

  • Langileei bizkarra emanez egiten ari den prozesu baten aurrean gaudela, horien parte hartzerik gabe eta lan baldintzen aferari erreparatu gabe.

  • Prozesu honetan alderdi politikoek izan duten helburu bakarra akordiorako gaitasuna erakustea izan da; funtsezko gaietan benetako aldaketak adostu ez arren, hobekuntza nabariak egin dituztenaren itxurak eginez.

  • Egungo hezkuntza sistema betikotzeko proposamen baten aurrean gaude. Oinarrian dena berdin uzteko bi bide erabili dituzte: Batetik, literatura eta abstrakzioa erabiltzea, eduki bera bakoitzak nahi bezala interpretatu ahal izateko. Bestetik, legean adosterik izango ez dituzten gaiak legea onartu eta gerorako arautegi batera bideratu dute.

Bereziki larria da akordioa sinatu duten alderdiek, marko arautzaile eta kurrikular propio bat eraikitzeko lege bat landu ordez, Espainiako estatutik inposatutako hezkuntza marko kurrikularra eta arautzailea ontzat eman dutela, eta babesa eman diote horrekiko menpekotasuna onartuko duen hezkuntza legearen eraikuntzari. Marko normatiboa eztabaidatu gabe, Euskal lege eraldatzailea egin daitekeeneko ustea fikzio hutsa da.

Azkenik, Hezkuntza Legeari begira, hona hemen ELAren eskaerak:

  • Norabidea ezartzea. Lan baldintza egokiak izango dituen hezkuntza sistema propio, euskaldun, publiko, inklusibo eta anitza ezartzea hartu behar da jomugatzat.

  • Marko normatibo eta kurrikular propioa. Espainiako kongresuaren eskuduntzen zein kurrikulumaren inposaketaren aurrean, eskuduntza markoa eztabaidatu eta marko kurrikular propioa eraikitzeko prozesua ezartzea.

  • Hezkuntza inbertsioa gehitzea. 3 urtetan, Hezkuntzan Europar batezbesteko inbertsiora iristea, BPGren %6rako ibilbidea egiten hasteko

  • Lan baldintza egokiak Hezkuntzan. Hezkuntzan lan baldintza egokien ezarpenean pausoak ematea. Besteak beste, hezkuntza publikoko behin-behinekoen kontsolidazio prozesuen negoziaketa, sare ezberdinetako langileen baldintzen homogeneizazioa, edo ratio hobekuntza nabariak jaiotze tasaren murrizketa hezkuntza kalitatea hobetzeko baliatuz,

  • Segregaziorik gabeko hezkuntza. Segregazioarekin amaitzeko neurri zehatzen ezarpena. Besteak beste kuota mota guztien desagerpena, finantzaketa gardentasunerako mekanismoen ezarpena, jarudera eta ekipamenduen kontrola edo matrikulazio bulego bakar baten ezarpena.

  • Sare bakarreko hezkuntza. Egungo sare banaketa gainditu eta publikoa izango den sare bakarrerako transizio neurrien diseinua. Besteak beste borondatea luketen eskolen publifikaziorako marko egonkor baten ezarpena.

  • Hezkuntza euskalduna. Ikasleen euskarazko jakintza bermatzeko, euskarazko murgiltze ereduaren ezarpena.

  • Hezkuntza merkatuen interesetik at. Hezkuntza sistemaren desmerkantilizaziorako neurriak, software libreak garatzeko baliabideak bermatzea esaterako.

ELAk eskoletan lanketa eta batzarrak egingo ditu, eta beharrezko mobilizazio eta grebak bultzatzeko prest dauden eragileekin elkarlana bultzatuko du datozen hilabeteotan; Hezkuntza sistemako langileak eta lan baldintzak aintzat hartuak izan daitezen Hezkuntza Legean, baita edukiak baldintzatu eta hobetzeko ere.