HEZKUNTZA PUBLIKOKO SUKALDE ETA GARBIKETA
ELAk hitzarmen berri bat negoziatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari

Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketaren sektoreko langileak mobilizatu egin dira Hezkuntza Sailari hitzarmen berri bat lortzeko negoziazioak irekitzeko eskatzeko. Azken hitzarmena 2009an sinatu zen, eta 15 urteren ondoren, lan baldintza prekarioak dituzte: urtero galdu dute erosteko ahalmena, lan karga handiak dituzte, lan osasunaren prebentziorik ez da egiten eta ez dira erretiroa aurreratzeko neurriak negoziatzen.
Egoera horren aurrean, ELAk aldarrikatzen du lan baldintzak arautuko dituen esparru berri bat negoziatzen hastea: Batetik, soldatak eguneratzea azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, eta hurrengo urteetarako KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea; lanaldia murriztea, errelebu kontratua hobetzea eta 60 urtetik gorakoentzako lanaldi murrizketak aplikatzea; lan kargak murriztea lan osasunaren ikuspegitik; funtzioak eta kategoriak zehaztea eta egokitzea, eta euskara planak ezartzea, besteak beste.
ELAk mobilizatzen jarraituko du, harik eta hezkuntza publikoko sukaldaritzaren eta garbiketaren sektoreak hitzarmena berritu eta langileen lan baldintzak hobetu arte.