ELAk hitzarmen berria sinatu du, funtzio publikoarekin ekiparaziorako bidean
Gaur egindako mahaian Arabako Esku-hartze Sozialeko 4.Hitzarmena sinatu da. ELAk, sindikatuen ordezkaritzan gehiengo osoa duelarik, funtzio publikoarekin ekiparatzeko aurrerapausoak ematen dituen akordio bat lortu du. Hala, urte eta erdiko negoziazioen, sei greba egun eta bi orduko lanuzte batzuk ondoren, akordio horrek jauzi bat ematen du zaintza sektore honetan lan egiten duten 1.200 langileen lan baldintzen hobekuntzan.
Hona hemen adostutako edukiak, besteak beste:
• 2025-2028ko indarraldia.
• Soldatak %16 igoko dira plantilla osoarentzat, eta 4. eta 5. kategorietako langileek, gainera, soldata-osagarri gehigarri bat jasoko dute. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, % 0,5eko berme gehigarria aplikatuko zaio KPIari, sektore feminizatua delako.
• Urteko lanaldia 16 ordutan murriztuko da, 1.592 ordutan finkatuta geratuko da eta funtzio publikoko lanaldiarekin ekiparatuko da.
• Langileek opor-egun bat gehiago izango dute, eta norberaren gauzetarako bi laneguneko baimen ordaindua aitortuko zaie.
• Hitzarmenak hainbat hobekuntza jasoko ditu baimen eta lizentzien arloan.
• Aldi baterako ezintasunagatiko osagarria hobetuko da: lehen 20 egunetan soldataren % 90 bermatuko da eta, une horretatik aurrera, % 100.
• 60 urtetik gorako langileentzako neurri berriak ezarriko dira, bai eta gaueko lanaldia murrizteko neurriak ere.
• Ordu osagarrien erabilera mugatuko da.
• Lan-osasunaren arloko neurri berriak sartuko dira, besteak beste, burnoutari buruzko azterketa egiteko konpromisoa.
• Binkulugrama egiteko eskubidea aitortuko da, horretarako bi laneguneko baimen ordainduarekin.
• Euskararen erabilerarekin, telelanarekin, malgutasunarekin, oporren antolaketarekin eta intentsitate handiko erakundeekin lotutako beste hobekuntza batzuk ere jasotzen ditu akordioak.
Negoziazio eta greba prozesu gogor baten ondoren, ELAk zorionak eman nahi dizkie urte luze honetan greba egiten eta mobilizatzen aritu diren sektoreko langileei. Eduki horiek ez dira ulertzen sektoreak erakutsi duen inplikaziorik eta borrokarik gabe. Azkenik, zaintza sektoreen pribatizazio eta prekarietate prozesuetan erakundeek duten erantzukizuna salatu nahi dugu. Zaintzak ezin dira gainbalio ekonomikoa bilatzeko bitarteko izan. Gaurko akordioarekin, egoitzetan gertatu den bezala, aurrerapauso garrantzitsuak ematen dira, baina borrokan jarraituko dugu.