BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA

ELAk sektoreko prekaritatearekin amaitzeko proposamena aurkeztu du

2026/01/29
ELAk sektoreko prekaritatearekin amaitzeko proposamena aurkeztu du
Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratuta, ELAk aurreko testuan jaso ez ziren neurriak berreskuratuko ditu. Sektorearen beharrak antzeman eta aldarrikapenak zehazteko, azken hilabeteetan ehunka langilek erantzun dute ELAk eginiko inkesta.

ELAk hitzarmen berriaren negoziazio-bileretara eramango duen aldarrikapenen dekalogoa aurkeztu du. Gaur eratutako negoziazio mahaiak LAB-CCOO-ESK sindikatuek 2022-2025 indarraldirako sinatutako lan-baldintzen testua berritu nahi du.

Sinadura horrekin alde batera utzi ziren neurriak berreskuratuko ditu ELAk: erosahalmena bermatzea, bajaren lehen egunetik ordezkapenak egitea, lanaldi osoko kontratuak sortzea, aldizkako kontratu finkoak ezabatzea, antzinatasunean, txandakotasunean eta prestasun-plusean hobekuntzak egitea, arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea eta babes bereziko zentroak eguneratzea (gizarteratzea, emakumea eta haurrak eta nerabeak gehituz).

Aldarrikapenetan lehentasunak zehazteko, sektoreko ehunka profesionalek beren beharrei buruzko inkestari erantzun diote. Eskaera nagusia soldata-igoera eta lanaldi-murrizketa dira, erosteko ahalmena berreskuratzeko. Gainera, arlo publikoko soldatekin parekatzea aurrerapausoa izango litzateke historikoki pribatizatutako eta prekarizatutako sektore hori publikoa izan dadin. 

Estresa, gehiegizko lan-kargak, lanetik eratorritako gaixotasunen errekonozimendurik eza eta, kasu batzuetan, indarkeria-gertakarien esposizioa direla eta, ELAk neurriak eskatzen ditu zaintzen duena zaintzeko. Prebentzio-neurriak areagotzea, ratioak hobetzea, ebaluazio psikosozial jarraituak egitea eta giza baliabide eta baliabide material gehiago jartzea, besteak beste. ELAren ustez, beharrezkoa da, halaber, babes bereziko zentroen sailkapena eguneratzea.

Era berean, ELAk lan egingo du aldi baterako kontratuen, lanaldi partzialeko kontratuen edo aldizkako kontratu finkoen abusuarekin amaitzeko, “hori baita sektoreko prekaritatearen jatorria, 1.000 eurora iristen ez diren soldatak jasotzen dituzte langile asko eta asko”. Gehiegizko kontratazio horiek mugatzen edo ezabatzen dituzten prekaritatearen aurkako klausulak hitzarmenean jasotzea proposatuko du ELAk.

Amatasunagatiko, zaintzagatiko edo gaixotasunagatiko baimenak eskuratzeko mugekin amaitzeko ere eskatu du sindikatuak. Bestalde, langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta trantsizio ekosoziala sustatzen duen neurriak eskatzen ditu, negoziazio kolektibotik prestakuntza eta euskara planak sustatuz.

Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektoreak kalteberatasun- edo bazterkeria-egoeran edo laguntza-premia espezifikoak dituzten pertsonak eta kolektiboak artatzen lan egiten duten profesionalak barneiltzen ditu. "Funtsezko sektorea da oinarrizko gizarte-eskubideak bermatzeko eta gizarte-kohesioari eusteko, baina prekarizatuenetako bat izaten jarraitzen du", azaldu du ELAk.