AIRLAN - Alonsotegi

ELAk KPIaren gainetik %1,5eko soldata igoera eta 70 orduko lanaldi murrizketa duen hitzarmena sinatu du

2024/06/17
Langileen antolaketa eta deitutako greba funtsezkoak izan dira hitzarmena lortzeko.

AIRLAN Alonsotegin dagoen enpresa da, 51 langile dituena. Klimatizazio sistemak fabrikatzen ditu.

Duela 4 urte, lehen enpresa hitzarmena sinatu zuten, metaleko hitzarmen sektorialak baino soldata igoera askoz handiagoekin, eta, besteak beste, klausula hauekin: inaplikazio klausula, ultraktibitatea eta errelebo kontratua eskubide gisa, betiere baldintzak betetzen badira.

Akordio berri hau, aurrekotik abiatzen da, eta hiru ardatz ditu, soldata igoerak, lanaldi murrizketa eta prekarietatearen aurkako neurriak:

  • 360 euroko soldata igoera lineala langile guztientzat.

  • KPIaren gainetik % 1,5eko soldata igoerak, indarraldiaren 4 urteetan.

  • 46 euro antzinatasunaren osagarri gisa.

  • Garbitegiko plusa.

  • Txandaka lan egiten dutenentzat atsedenaldiko 15 minutuak lan denbora gisa hartzea, lanaldia urtean 70 ordu inguru murriztuz.

  • Ergonomia plusa lanpostu jakin batzuetako egoera prekarioenak desagertu arte.

Hainbat negoziazio bilera egin dira enpresan, baina ez da aurrerapenik egin joan den ekainaren 3an batzarrak ekainerako 8 eguneko greba deialdia egitea erabaki zuen arte. Greba deialdiaren aurrean, enpresak langileen aldarrikapenak onartu ditu.