ZERBITZU PUBLIKOAK

ELAk Legebiltzarrean eskatu du ez dezatela Hezkuntza Legea onartu

2023/11/20
Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak salatu du EAEko lege proiektu horrekin ikasleak ez direla elebidun izango, ez dela curriculum propioa garatzeko aukerarik eskainiko, eskola publiko burujabea sortzeko pausurik ez dela emango, ezta merkantilizazioa mugatzeko ere; gainera, lan baldintzak zehaztu gabe geratuko direla.

Hezkuntza lege proiektuaren inguruko zuzenketak eztabaidatzen ari dira alderdiak egun hauetan Gasteizko Legebiltzarrean. Hori dela eta, ELAko ordezkariek elkarreratzea egin dute gaur, azaroaren 20an, Legebiltzarraren aurrean eskatzeko ez dezatela Hezkuntza Legea babestu.
Izan ere, Mire Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak bertan salatu duenez, lege proiektuak “orokorkeriak” besterik ez ditu jasotzen, helburua baita “egungo hezkuntza sistemaren muina betikotzea”.
Hizkuntza ereduei buruzko eztabaida horren adibide dela uste du. “Alderdiek aspaldi egin diote uko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera ematen duen hizkuntza eredua orokortzeari, euskarazko murgiltze eredua, alegia”. Horren ordez eskolek egungo hizkuntza ereduekin jarraitzeko aukera ematen duen artikulua onartu dute, Zubizarretaren hitzetan: “Are gehiago, D ereduan euskararen presentzia murriztu dezakete gazteleraren eta ingeleraren alde. Orain dela hilabete batzuk ezagutu genuen lege proiektuan horrela zen, eta orain, EAJ-PSEk onartutako hizkuntza ereduen inguruko zuzenketak hori agerian utzi besterik ez du egin: lege horrek ez du ikasleak elebidunak izatea ahalbidetuko”.
Era berean, ELAk salatu du legeak ez duela bide emango Euskal Herrian adostutako curriculuma garatzeari, ez duela trantsiziorik bideratuko eskola publiko burujabe baten bidean eta ez diola galgarik jarriko hezkuntza sitemaren merkantilizazioari. “Kalitatezko hezkuntza izateko ezinbestekoak da lan baldintza eta baliabide egokiak jasotzea, eta horri ere uko egin dio legeak”, ziurtatu du Zubizarretak.
Horregatik, hezkuntza publikoan greba egin da urriaren 24ean eta 25ean, eta zortzi greba egun daude deituta Gizarte Ekimeneko ikastetxe itunduetan. Baita zerbitzu publiko orokorrean abendaren 19an.