ELAk Lehen Arretaren itunaren aurkako helegitea jarri du eta bertan behera uztea eskatu du
ELAk helegitea erregistratu du Osasunbideak eta gutxiengo sindikalaren (Satse, CCOO, UGT eta Afapna) arteko itunaren aurka (2014-3-31n NAOn argitaratua), Lehen Arretaren langileen baldintzak larriki okertzen dituelako eta 2008an aho batez sinatutako akordioa urratzen duelako.
ELAk Gobernuak eta gutxiengo sindikalak inposaturiko erreforma hau bertan behera uztea eskatzen du, ahalik eta lasterren, maiatzaren 5ean indarrean egongo omen delako. Besteak beste, itun honek langile askori 12 orduko atsedenik gabeko lanaldi jarraituak (goizeko 8etatik arratsaldeko 8etara) inposatzen dizkie, luzapen hori zaintzak bezala ordainduz eta ez aparteko orduak bezala. Azken finean, aurrezteko eta murrizketak egiteko neurria da, osasun arreta okertzen duena eta langileen baldintzak prekarizatzen dituena. Gainera, Herrietako Larrialdeen langileentzako diskriminatzailea da.
Aparteko orduen inposaketa honek 200 bat balizko lanpostu berriak okupatzen ditu (legezko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa dela kontuan hartuta). Horrek mediku eta erizain gazteei (eta MIRei) bidea ixten die, Nafarroatik kanpo bilatzera behartuz. Gauzak horrela, Barcinaren Gobernuak ospa egitera bultzatzen ditu: datu ofizialen arabera, azken hiru urtetan 155 mediku nafarrek atzerrian lan egiteko agiria eskatu behar izan dute.
Gobernuaren eta gutxiengo sindikalaren arteko itunak 12 lanpostu berriak izanen direla dio, baina bost egun besterik ez direnean faltatzen, ez dago horien berririk (eta are gutxiago, betetzeko oposiziorik). Are larriagoa dena: itunak lanaldiaren %50 besterik ez die bermatzen. Hori gutxi balitz, akordioa indarrean jartzeko bidean, Osasunbideak bost langile lekualdatu ditu, kasu batzuetan modu nahitaezko batez (ordezkaritza sindikala informatu gabe).
Era autoritario hori areagotuko da datozen asteetan: ustez borondatezko 12 orduko lanaldi horiek derrigorrez inposatuko dira osasun etxe askotan, beti tokian tokiko zuzendariaren irizpidearen arabera: profesionalek aurre egin beharko diote, euren indarrari eta elkartasunari eutsiz. Dena den, giro gatazkatsua mahai gainean dago jada. Hori dena dela eta, ELAk akordioa atzera bota behar del, eta erreforma geldiaraztea berresten du.